Garaik ordezkari bi izango ditu Amankomunazgoko plenoetan hemendik aurrera

Anboto 2019ko abe. 19a, 18:55

Amankomunazgoko ordezkariek beso zabalik hartu dute Garaiko Udalak bertan sartzeko egindako eskaera. Udalerriak 1998an utzi zuen Amankomunazgoaren egitura, nahiz eta ordutik hona hainbat zerbitzu eta lankidetza indarrean mantendu diren. EAJko eta EH Bilduko ordezkariak bat etorri dira Garairen etorrera “albiste ona” dela esatean.

EAJko, EH Bilduko, Herriaren Eskubidea taldeko eta Abadiñoko Independenten taldeko ordezkariek aho batez egin diote ongietorria Garairi. Udalerria Amankomunazgoko egituraren zati izango da aurrerantzean, 21 urtean bertatik kanpo egon ostean.

Mireia Elkoroiribek gidatutako osoko bilkuran azaldu dutenez, Garaik bi ordezkari izango lituzke bertan aurrerantzean. Gaur gaurkoz indarrean dauden 27 eserlekuei beste bi gehituko zaizkie beraz, 29 guztira. Bai Mireia Elkoroiribe presidentea (EAJ) eta bai Aitor Lopez EH Bilduren bozeramailea, bat etorri dira Garairen itzulera “albiste ona” dela esatean. Garaiko udalbatzaren gaur egungo banaketa Amankomunazgoan islatuko balitz ordezkari bat gehiago lortuko luke EAJk eta beste bat edukiko luke Herriko Taldeak.

Osoko bilkuretako ordezkaritzaz aparte, bilkuretan Garaik izango lukeen ordezkaritza argitzea falta da. Aitor Lopezek eskatu du Garaiko Herriko Taldearen ordezkaria batzordeetan ere egotea. Elkoroiribek erantzun dio gaia aztertzen ari direla, eta, “proportzionaltasuna” islatuko lukeen irizpide bat hartuko lukeela (gaur gaurkoz, 4 ordezkari ditu EAJk batzordeetan, 3 EH Bilduk eta bana Herriaren Eskubideak eta Abadiñoko Independenteek).

Zabor organiko osoa

Zaborren kudeaketari lotutako gaiak ere eztabaidatu dira osoko bilkuran. Amankomunazgoak Bizkaiko Foru Aldundiagaz duen hitzarmena luzatzea erabaki du, baina izan dira ñabardurak.

EH Bilduk argi berdea eman dio EAJk hitzarmena luzatzeko egindako proposamenari, baina “baldintza bat” ipini dio: Bizkaiko Foru Aldundiak ahalbidetu dezala 2020an, animalia jatorriko hondakinak jaso eta birziklatzea (gaur gaurkoz, hondakin begetalak baino ez dira jasotzen).

Elkoroiribek bere egin du konpromisoa. Amankomunazgoa horretarako prest dagoela, eta hondakinen kudeaketa eta bilketa datuak hobetuko liratekeela azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!