“Urduritasun handiagoa dugu oholtzan sentimenduak kudeatzeagatik, oholtzako ikuspegiagatik baino”

Igor Galarza 2019ko abe. 25a, 11:40

2016ko otsailean, Iheskide musika taldeak etenaldia iragarri zuen. Ia lau urte geroago,  Gaizka Jareño ‘Tronpi’, Ibai Arrizabalaga ‘Ibaiko’, Xabier Gallastegi ‘Xagu’ eta Jonatan Gonzalez ‘Kata’ oholtzara igoko dira berriro, Hatortxu Rock musika jaialdian, abenduaren 28an.

Zer dela-eta itzulera? Zer gertatu da?
Gertatu, ezer ere ez! [barreak] Partaide bakoitzaren hutsuneak baliatu, eta taldearen oinarrietara itzultzea erabaki genuen, elkarregaz jesartzea. Harremanak lehenetsi genituen, Iheskide beti izan den moduan, eta, horren eraginez, egun batean berriro elkartu ginen lokalean, eta instrumentuak astindu genituen apur bat.

Noiz hasi zineten berriro batzen?
Ez da urtebete, martxo aldera. Orduan hasi ginen elkartzen, besterik barik, gure artean egotearren. Gure harremanaren parte da. Lokalera joatea pentsatu genuen, eta etortzen hasi ginenean...

...Hatortxu Rock-en eskaintza.
Hatortxu Rock-etik deitu zigutenean harra hazi zitzaigun. Mahai baten bueltan jesarri ginen laurok. Berba egiten hasi, eskaintza baloratu, eta “bueno, kontzertu bakarra da”, pentsatu genuen. Uste dugu aukera hori ere merezi dugula. Azken batean, denok dugu pentsaera berdintsua, eta taldea bat-batean uztea inorentzat ez zen izan kontu erraza. Uste dugu gure buruagaz zorretan geratu ginela. Gure buruari eta publikoari kontzertu polit bat egitea zor diegu. Hatortxu Rock-en ipini genuen mugarria.

Zer sentitu zenuten Hatortxu Rock-en deia jaso zenutenean?
Hasieran ez genuen pentsatu kontzerturik eskaintzerik. Elkarregaz dugun hartu-emana berriro sendotzen hasi ginen. Lokalera etorri ginen pare bat egunetan, eta ezagunen haritik Hatortxu Rock antolatzen dutenek bazekiten elkartzen hasita geundela, eta eskaintza bota ziguten.

Zertan aritu zarete lau urteko etenaldi honetan?
‘Ibaikok’ eta ‘Xaguk’ Bultz taldea sortu zuten. ‘Tronpi’ lanean hasi zen, eta bigarren haur bat ere izan zuen; hasieran musikatik aldenduta aritu zen, baina, gero, berriro hasi zen baxua hartzen, eta musika jaialdiren batean edo bestean “okerkeriak” egin izan ditu. 'Kata' ere ez da aldendu musika mundutik.

Kontzertuak bizitzako beste sasoi batean harrapatu zaituztela-eta, erraza da laurok elkartzea?
Denok batera entseatzeko ez dugu erraz. Gurasoak gara, bakoitzak bere bizimodua du. Ahal izan dugunetan batu gara, gogoa eta astia izan ditugunean. Malgu aritu behar gara, batak egun batean ezin duela, besteak aste bitartean... Hala ere, taldearentzat ona izan daiteke, dinamika desberdinak ditugulako. Lehen, martitzen eta eguenetan batzen ginen; mezara joatearen antzekoa zen ia. Orain ez da horrela. Batzuetan, lautik hiru elkartzen gara, eta etxean edo kalean elkartzen garenean landu behar.

Batak bestearean sentsazioak ezagutzeko gai zarete?
Bai, ia beti egon gara elkarregaz. Taldea sortu aurretik ere ibili ginen, nahiz eta gero 'Ibaiko' sartu. Lehenengo, gure arteko harremana izan zen. Gure lagunartea musikaren aurrekoa da.

Abenduaren 28an eszenatokira igo, eta zer itxaroten duzue?
Ez dugu parafernalia berezirik egingo [barreak]. Seguru hamaika emozio desberdin izango ditugula: urduritasuna, emozioa, ernegua... Denetik sentituko dugu oholtza gainean publikoaren aurrean. Haiekin batera oldarraldi bat sortu gura dugu, hori izango litzateke politena.

Eta han, ordubetean dena ematera.
Hamabost abestiko zerrenda bat prestatu genuen, baina ohartu ginen ezinezkoa dela. Gainera, gero hasi ginen pentsatzen “hau sartu behar dugu, eta beste hau ere bai”, eta zaila zerrenda bat egitea, baina tira. Ahal bezain azkar jo beharko dugu, izan ere ez ditugu abestiak jotzen soilik, aldarrikapen mezuak era oihukatzen ditugu. Urduritasun handiagoa dugu sentimenduak kudeatzeagatik, Hatortxu Rock-eko oholtza gainetik izango dugun ikuspegiagatik baino. Publikoaren aurreikuspena bete gura dugu, eta konexioa badago, ondo baino hobeto!

Etenalditik hona, nabaritu duzue publikoaren berotasuna?
Nabaritu dugu, bai. Sare sozialetan gu aktibo aritu ez arren, idatzi izan digute itzultzeko eskatzen eta abar. Kontzertuak jotzeko eskariak izan ditugu, asko etorri zaizkigu bueltatzeko eskatzen... berotasuna sentitu dugu, bai. Agian publikoarengan hutsune bat geratu da euskal taldeek utzi izan duten heinean. Agian hutsune bat utzi genuen, zerbait berezia eskaintzen genuelako. Beharbada gure musikak dituen aldarriekin konexioa sentitu izan dute, eta, hala bada, pozgarria da, horrek mugiarazten gaituelako gu, eta motibazio handia da taldearentzat.

Eta kontzertua amaitzean, zer gertatuko da?
Kontzertua amaitzean, festara! Ez dakigu. Kontzertua buru-belarri prestatzen gabiltza, eta ez dugu ezer pentsatu kontzertu honetatik harago. Berba egingo dugu, ea bakoitzak zer esperantza duen, zer sentsazio, talde aldetik zein alde pertsonaletik. Eskaintza asko egin dizkigute jada, eta asko eskertzen dugu, animatu egiten gaituelako. Eta, zorionez, denek ulertu dute zein den gure egoera. Oraingoz, Hatortxu Rock-i begira gaude; hortik aurrera, berba egingo dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!