GABONAK MUNDUAN

"Praka laburretan, hondartzan, uretan eta bero handiagaz pasatuko ditugu aurtengo Gabonak"

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 20a, 09:30

"Aurtengo Gabonak ezohikoak izango dira. Praka laburretan, hondartzan, uretan eta bero handiagaz pasatuko ditugu", diote Iraia Derteanok (Iurreta, 1989) eta Ander Biritxinagak (Durango, 1996). Irakaskuntza ikasketak egin dituzte eta Australiara joan dira ingelesa hobetzeko. Pozik daude bidaiagaz, baina herrimina ere igartzen dute. "Gabonak ailegatzen dabiltzan heinean, data hauek Euskal Herrian pasatzeko herrimina pizten zaidala sumatzen dut. Amamaren janariaren falta igartzen dut. Mari Domingiri eta Olentzerori eskatuko diet amamaren janaria tuperretan sartuta bidali diezadaten!", dio Derteanok. Biritxinagak ere antzekoa dio: "Lau hanburgesa eta patata tortilla eskas bat ditugu hemen. Gustura hartuko nituzke amamaren arroz-esnea, gazta on bat eta ogia. Hori bai, Olentzero eta Mari Domingi surf taula baten gainean eta neoprenoa jantzita etorri beharko dira hona!", dio.

Hurrengo asteak lanean emango dituzte, diru apur bat bildu eta bidaiagaz segitzeko. "Urte berrirako asmoetariko bat Zeelanda Berrira bidaiatzea da", diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!