GABONAK MUNDUAN

"Suitzako alde honetan indioilarra eta izokin ketua jateko ohitura dago, baina gehienek fondue chinoise delakoa prestatzen dute"

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 20a, 09:30

"Familia askok indioilarra jaten dute hemen. Eta ohitura handia dago izokin ketua jateko. Gehienek, baina, fondue chinoise delakoa prestatzen dute. Funtsean, lapikokoa da. Barazkiz egindako salda bat prestatu, eta mahaiaren erdian zerbitzatzen da, irakiten dagoela.  Haren inguruan, zenbait plateretan, beste hainbat okela mota ipintzen dira: oilaskoa, txahalkia, idikia eta baita zaldikia ere. Bakoitzak gura duen okela zatia sardexkagaz hartu, irakiten dagoen lapikoan sartu eta egosita jaten du gero. Beste hainbat saltsagaz ere laguntzen da fondue chinoise delakoa. Curry eta cocktail saltsak erabiltzen dira", dio Irene Reinak (Abadiño, 1987).

Irene Reinak bolada baterako bakarrik esan zion agur bere sorlekuari, 2009an. Umezain modura hilabete batzuk lanean egiteko, eta, bide batez, frantsesa ikasten segitzeko asmoz joan zen Suitzara, Yverdon-Les-Bains hirira. Baina, gerora, beste lan batzuk aurkitu, bizimodua han eraiki eta bertara ezkondu zen. Simon Baechler suitzarragaz ezkondu zenean, haren abizena hartu eta Irene Reina Irene Baechler da harrezkero. Ume bi dituzte, Alex eta Ariane, eta hirugarren bat itxaroten dabiltza. Otsailean jaioko da familiako kiderik gazteena.

Ardo beroa eta eskia
"Hemen, Gabonetako merkatuetara eta eskiatzera joateko ohitura handia dago. Edarien artean, ardo beroa hartzen dute. Ardoa hainbat espeziegaz ondu eta berotzen dute. Arrakasta handia du hemengoen artean", dio Irenek. "Gabonetako otorduei dagokienez, bai Gabon gaua eta bai Gabon eguna Euskal Herrian ospatzen den antzera egiten da: familia giroan afalduta eta bazkalduta. Gabon zahar gauari dagokionez, baina, desberdina da. Urtezahar egunean eta urteberri egunean familiek ez dute elkartzeko ohiturarik. Parrandarako, lagun artean egoteko edo bikotekideagaz egoteko gaua izaten da", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!