"Lan karga eta erritmo izugarriak dituzte adinduen egoitzetako langileek; askotan, esklabotzaren gertukoak"

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 5a, 12:01

Egoera "oso gogorra" dela eta, adinduen egoitzetako langileek protesta egin dute Durangon zaintzaile ratioak igo daitezen eskatzeko. "Azken greban, urtebetean protestan egon ostean, 35 orduko jardunaldia lortu genuen, baina ratioak ez ziren hobetu", azaldu du Jon Ander Zelaiak, ELA sindikatuaren sektore publikoaren Durangoko arduradunak. Egoitzetako langileek "tratu txar instituzionala" jasotzen dutela eta auzia konpontzeko borondaterik ez dagoela dio.

Eusko Jaurlaritzak udan sartu zuen indarrean ratioak eguneratzeko dekretua. Erabaki hark adinduen egoitzetako langileen ratioak kaltetzen dituela azaldu du Zelaiak. Kanpaina bat hasi dute egoitzetako langileek, Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz izenburupean. Bizkaian ratioak bikoiztu daitezen eskatu dute langileek eta ELA sindikatuak.

ELA sindikatuaren ordezkariaren esanetan, egoera "gogorra" jasaten duten 300dik gora langile daude Durangaldeko adinduen egoitzetan: Astarloa, Joxe Migel Barandiaran eta Tabira egoitzetan (Durango), Orue eta Azkuna egoitzetan (Zornotza) eta Auzo Lagun egoitzan (Mertzedarien komentua, Berriz) besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!