Sasikoak eta Elorrioko Parra Tabernak liderren arteko derbia jokatuko dute

Joseba Derteano 2019ko aza. 20a, 10:00

Areto futbolean, Durangoko Sasikoak eta Elorrioko Parra Tabernak Hirugarren Mailako oilarren arteko derbia jokatuko dute domekan, 12:00etan, Landako Kiroldegian. Zazpi jardunaldi joan direnean, elorriarrak lider daude eta durangarrak bigarren, puntuetara berdintuta. Maila horretan oraindino partidurik galdu ez duten talde bakarrak dira, seina garaipen eta berdinketa banagaz.

Derbi "intentsoa" itxaroten du Aitor Daroca Sasikoako entrenatzaileak: "Hemen entrenatzaile daramatzadan bost urteetan intentsoak izan dira beti derbiak, eta aurten lehenengo eta bigarren egoteak areagotu egiten du ikusmina", azaldu du. Zaleei "harmailak betetzeko" deia egin die.

Hitzarmena Landakogaz
Ligako bolada onari eusteaz gainera, Sasikoak beste helburu nagusi bat du aurtengo denboraldian: harrobia indartzea. Ildo horretatik, Landako eskolagaz lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta bertan benjamin mailako talde bi sortu dituzte. "Gazteak dira klubaren etorkizuna, eta ondo zaindu gura ditugu", aipatu du Darocak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!