Puntu bakoitzean zenbat hondakin batzen den kontabilizatuko dute Amankomunazgoaren kamioi berriek

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 18a, 10:41

Zabor bilketaren zerbitzua "hobetu, efizienteago egin eta segurtasunean irabazteko", bi kamioi berri erosi ditu Amankomunazgoak. Horietako batek 2006tik martxan zegoen bat erretiratzea ekarriko du. Eta bigarrenak, 2008tik martxan dagoen beste baten zerbitzua ordezkatuko du, nahiz eta zaharra, momentuz ez duten erretiratuko, noizbait erabiltzea beharko balitz. Kamioi bakoitzak 268.600 euro inguru balio ditu.

Inbertsio berri honegaz, zerbitzuaren eta kamioien mantenu lanak efizienteago egitea gura du Amankomunazgoak. "Martxan dauden kamioiak 2006koak, 2007koak, 2008koak eta 2010ekoak" direla, eta "higadura asko" dutela nabarmendu du Amankomunazgoko presidente Mireia Elkoroiribek. Kamioi-fllota osoaren mantenu lanak 87.000 eurokoak izan dira aurten, eta, horietako 44.000 euro, erretiratzekoak diren eta 2006tik funtzionatzen ari den kamioiak eragin dituela jakinarazi du. Funtsean, hondakinen bilketa sistema "eraginkorragoa" bihurtzea gura du Elkoroiribek.

Sistema berria, batzen dena kontabilizatzeko

Bi kamioi berriek datuak biltzeko sistema bat dute integratuta. Bilketa puntu bakoitzean batzen den hondakin kopurua zenbatekoa den kontabilizatu ahalko dute uneoro, eta, herri bakoitzean batzen den kopuruak ere zehaztasun handiagoz jasoko ditu. "Orain arte, ez genuen halakorik. Hondakinen tratamendu plantara iritsitakoan bakarri jasotzen genuen biltzen zen kopuruaren berri. Orain, bilketa puntu bakoitzen eta herririk herri zenbat batzen den hobeto jakingo dugu", azaldu du Hondakinen bilketa zerbitzuaren arduradun Augusto Uriartek.

Amankomunazgoak, Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian eta Zaldibarren eskaintzen du zabor bilketa zerbitzua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!