“Polizia gu basotik botatzera etorriko balitz, basoan egon gura nuke”

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 18a, 11:30

Segurtasun arrazoiengatik gurago izan du bere identitatea ezkutatu. 'Yellow' du aktibismoko izena, eta halaxe aurkeztu du bere burua. Durangaldeko herritarra da eta urte bi inguru daramatza Alemaniako Hambach basoan okupa lez bizitzen. Han eraikitako etxoletan bizi da, beste hainbat aktibistagaz batera. Helburu argia du: basoa mozteko dauden planak gelditzea. Haren arrastoan sartu da ANBOTO.

Zergatik erabaki duzu Alemaniako baso batean okupa eta aktibista lez bizitzea?
Nire lagun bi ni baino lehen egon ziren hemen. Haiek eman zidaten baso honen berri. Unibertsitatean nenbilen orduan. Hamar eguneko oporraldia nuela aprobetxatuta, hemen gertatzen zebilena ezagutzera etorri, eta azkenean hemen gelditu nintzen. Unibertsitatea utzi nuen. Etxean ere abisatu nuen, badaezpada. Esan nien, hemen gelditzen banintzen, ez harritzeko.

Zein helburu dute zuen okupazioak eta aktibismoak?
Basoaren mozketa etetea. 12.000 urte inguru dituen basoa da, berezia, azpian ur asko duena. Kontua da bere ondoan aire zabaleko ikatz meategi bat dagoela. Zulo erraldoi bat. Meategia kudeatzen duen enpresak basoaren arloa erosi zuen 1978an. Harrezkero, meategia handitzen joan den heinean, basoa moztu dute. Gaur egun, basoaren %10 baino ez da gelditzen. Inguruko herrixkak ere botatzen eta husten ari dira.

Zeintzuk ekintza egiten dituzue basoan?
Basoa auzoka banatuta dago, eta taldeka bizi gara. 5-15 kide gara auzo bakoitzean. Eguneroko bizimodua egiteaz gainera, gu basotik irtenarazteko asmoei egiten diegu aurre. Barrikadak altxatzen ditugu, bidea oztopatzeko. Plataforma itxurako egiturak eraikitzen ditugu arboletan, gu irtenaraztea zailtzeko. Erresistentziarako prestatzen gara. Gainerakoan, ekintza zuzenak eta sabotajeak egiten ditugu meategiaren kontra.

Zergatik erabaki duzu identitatea ezkutatzea?
Segurtasunagatik. Basoan gauden aktibistok ere halaxe egiten dugu. Izen faltsuak erabiltzen ditugu. Gizarteak ilegaltzat jotzen dituen aktibistak daude gure artean. Baita legeak jazarritako beste hainbat lagun ere. Segurtasunagatik eta besteenganako elkartasunagatik erabaki dut identitatea ezkutatzea. 

Zuen artean infiltratutako poliziarik dagoen susmorik baduzue?
Bai. Horrelako mugimenduetan sarri egoten dira. Nik, pertsonalki, beti izan dut gutariko batenganako errezeloa. Pertsona hura basotik kanporatu genuen, sexu abusuak egiteagatik. Infiltratutako polizia bat izan ote zen susmoa areagotzen dit horrek.

Zeintzuk neurri hartzen dituzue zuen identitatea ezkutuan mantentzeko?
Badira atzamarretan mozketak egin edo itsasgarria ipintzen duten aktibistak. Hatz markarik barik, poliziak ezingo luke haien identitatea frogatu, eta, ondorioz, ezingo lituzkete ekintzaileen aurkako karguak pilatu. Errepresioari aurre egiteko modu bat da.

Noizbait atxilotu al zaitu Alemaniako poliziak?
Bai.

Zer egotzi dizute?
Etxebizitza huts bat okupatu genuen basoaren ondoko herri batean. Handik egun bira, polizia agertu eta etxea hustu zuten. Komisaldegira eraman gintuzten bertan geunden hogei lagunak. Ni 20 orduz izan ninduten bertan. Hatz markak hartu zizkidaten, eta gero aske utzi ninduten. Ez zidaten ezer argirik egotzi. Nire hatz markek ez zuten bat egiten, nik dakidala, ezegaz.

Polizia inguruan izanda, zelan moldatzen zarete basotik sartu-irtenean ibiltzeko?
Egunerokotasunean ez da arazo handirik. Tren geltoki bat dago inguruan, eta handik 15 minutu daude oinez, basoaren ondoko egitura legal batera ailegatu arte. Gertatzen dena da, bidean, tarteka, polizia autoak edo segurtasun langileak ikusten ditugula. Data bereziak direnean eta jende gehiago biltzea itxaroten dutenean, orduan bai, egoten dira identifikazioak eta atxiloketak.

Zein etorkizun ikusten diozu Hambacher basoari?
Mantentzea gura nuke. Dena dela, gerta liteke basoa mantentzea eta meategia handitzea. Horrek, baina, arriskua ere badakar. Basoaren azpian dagoen ur-masa kanporatu liteke, eta horrek basoa hiltzea eragin dezake gerora.

Aktibista lez, noraino ailegatzeko prest zaude?
(Isilunea) Basoan nire ekarpena egiten dudalakoan nago. Oraingoz gustura nago, eta ez bakarrik ekologismoari dagokionez. Basoko jendeagaz hartu-eman ona dut, nire auzokoekin bereziki. Lotura bat sentitzen dut. Polizia gu basotik botatzera etorriko balitz, hemen egon gura nuke.

Zu ez ezik, bada Durangaldeko beste aktibistarik?
Durangaldekorik ez. Baina badira euskaldunak.

Zelan ikusten duzu hemen ekologiarekiko dugun ikuspegia?
Euskal Herrian, iruditzen zait badagoela kontzientzia bat. Baina hemen, Alemanian, garrantzi handia ematen zaio irudiari. Poliziak nonbaitetik irtenarazten gaituenean, aktibistak kontziente dira horrek eragin mediatiko bat duela, eta, ondorioz, irudia zaintzen dute.

2012an hasitako okupazioa, 12.000 urte dituen basoaren azken arnasa babesteko

Hambach basoa Alemaniako Ipar-mendebaldean dago, Bonn eta Kolonia hirietatik gertu. Basoa defendatzen duten elkarteen arabera, 12.000 urte inguru ditu eta 5.500 hektarea zabal zen jatorriz. Zenbait hedabidek zabaldu izan dutenaren arabera, baina, bere hedadura asko murriztu da eta 100 hektarea inguru ditu gaur egun.

RWE enpresa alemaniarrak urte askoan moztu du basoa, ondoan duen lignitio meategia handitzeko. Gaur egun, energiaren sektoreari lotutako bigarren enpresarik handiena da Alemanian. Basoaren okupazioa 2012ko apirilean hasi zen. Aktibistek basoa hartu zuten etor zitezkeen ebaketak eteteko. Urte bereko azaroan izan ziren poliziaren eta aktibisten arteko lehenengo istiluak, gerora errepikatuz joan direnak. Iazko urrian, baina, mozketa planei ipinitako helegitea indarrean sartu eta prozesua etetea lortu zuten aktibistek, behin-behinean. Haiek diotenez, baina, basoak ez du etorkizuna ziurtatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!