Irati Egurenek ANBOTOren azalerako sortutako ilustrazioak aipamen berezia jaso du Tokikom Sarietan

Anboto 2019ko aza. 15a, 12:38

Basauriko Ibaigane kultur etxean egin dute sari banaketa, gaur.

TOKIKOM Sarien laugarren edizioko sari banaketa egin dute gaur Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Euskarazko komunikazioaren arloko 80 lagun inguru batu dira ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariekin batera.

Kazetaritza lanen kalitatea
Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Tania Arriaga Azkaratek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa suertatzen delarik

Hiru sari nagusi banatu dira:

• AZALIK ONENAREN SARIA Debagoienako Puntua aldizkariarentzat izan da, ‘Antropozenoa’ izeneko azalagatik. Epaimahaiak nabarmendu du azalaren diseinu minimalista eta arriskatua, oso elementu sinple gutxirekin mezu hunkigarria ematen du.

• EDUKIRIK ONENAREN SARIA, Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da, “Urik gabeko urtegi, orain laborategi” erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, Kronikak erreportaje eredugarria landu du, lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz. 

• IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENAREN SARIA Goiena Telebistak jaso du, ‘Debagoiena Eraldatzen’ bideo sortagatik. Bideo horietan gizartean oro har dauden hainbat arazo eta aldaketari egin die aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazio aldetik apustu berritzaile eta ausartak eginez. 

Aipatu bezala, epaimahaiaren iritziz nabarmentzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea. Hori dela eta, bi aipamen berezi ere egin nahi izan dituzte:

• HIRUKA aldizkariaren ‘Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina?’ argazki- erreportajea. Argazki erreportaje eder honetan oso argi geratzen da irudiak soilik erabilita posible dela istorio osoak kontatzea. Epaimahaiak argazki-erreportajearen kalitatea nabarmendu nahi izan du aipamen honekin, baita toki komunikabideak genero hori sarriago erabiltzera animatu ere. 

ANBOTO astekariaren ‘Martxoak 31’ azala. Kasu honetan ere, irudi soil batek mezu indartsu eta hunkigarria ematen du. Epaimahaiak Irati Egurenek egindako lanaren indarra azpimarratu nahi izan du aipamenarekin, eta aldizkariaren erabaki egokia, noski, irudi hori portadan jartzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!