Erabiltzaileek positiboki baloratu dute Amankomunazgoko kontsumitzaileen informaziorako bulegoko arreta

Joseba Derteano 2019ko aza. 13a, 12:58

Inkesta bat egin dute zerbitzuaren erabiltzaileen artean eta gogobetetze-mailak 9.4ko puntuazioa jaso du.

Beste hainbat datu ere jakinarazi dituzte. Durangoko Merindadearen Mankomunitateko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 938 bitartekaritza egin ditu aurten, urtarriletik urrira. Aldi horretan, gainera, 932 kontsultari erantzun zaie, aurrez aurre, posta elektronikoz edo telefonoz, eta 157 erreklamazio-orri jarri dira, Amankomunazgoak ohar batean jakinarazi duenez.

Bitartekaritza gehienak telekomunikazioen sektorearekin lotuta egon dira, 372 kontsultarekin. Hurrengo sektorea bidaiena izan da, 92 kontsultarekin, eta hirugarren postuan hornidurak, oro har, izan dira 60 kontsultarekin. Banketxeekin lotutakoak laugarren postuan geratu dira, 40 kontsultarekin. Kontsultak bultzatu dituzten gainerako sektoreen artean, internet bidezko erosketak, aseguruak edo ibilgailuak daude, besteak beste.

Azkenik, KIUBek 157 erreklamazio-orri jarri ditu, eta zuzenean helarazi zaizkie kontsumoko hainbat erakunderi, hala nola Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari, Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo Sailari eta Arartekoari ere.

Hobetu beharreko gaien artean, lokala itxarongela hobearekin eta langile gehiagorekin hornitzea proposatu dute.

Informaziorako Udal Bulegoa astelehen, asteazken eta ostiraletan, 09:30etik 13:30era, dago zabalik hitzordu gabeko erabiltzaileentzat, eta astearteetan eta ostegunetan, 09:30etik 13:30era, eta, 16:00etatik 18:30era, hitzorduarekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!