Ozonoagatiko kutsadura igo egin da Durangaldean, eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak gainditu dira Urkiolako neurgailuan

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 11a, 11:37
Eguzkiak gogor sakatzen duen egunetan eragin handiagoa du Ozonoak.

Ecologistas en Acción elkarteak argitaratu duen txostenetik ondorio nagusi bat atera daiteke: ozonoagatiko airearen kutsadurak okerrera egin du Durangaldean. Hori jaso dute eskualdeko neurgailuek, eta indize bereziki txarrak erregistratu ditu Urkiolan ipinita dagoen neurgailuak. 

Ecologistas en Acción taldeak urtero egiten du ozonoagaz lotutako ikerketa. Aurten, urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean erregistratutako datuak aztertu ditu. Eta, Durangaldearen kasuan, bertan ipinita dauden lau neurgailuak aintzat hartu dituzte. Durangokoa, Abadiñokoa (Urkiolan dago) eta Zornotzako biak (Montorra auzokoa eta Zelaieta parkean dagoena).

Daturik txarrena, Urkiolan

Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen ozonoaren mugak oso modu nabarmenean gainditu dira Urkiolako neurgailuan. Osasunaren Munduko Erakundeak ozono muga urte osoan zehar gehienez 25 egunetan gainditzea gomendatzen du. Bada, neurketa urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean egin dela kontuan hartuta (guztira, 273 egun), 109 egunetan gainditu da gomendio muga Urkiolan. Hau da, han erregistratutakoak laukoiztu egiten du Osasunaren Mundu Erakundeak markatzen duen gomendio muga. Indizeak apalagoak dira menditik haranera jaitsita. Durangon 10 egunetan gainditu da gomendio muga. Montorran 11 egunetan, eta Zelaieta parkean 18 egunetan.

Era berean, ez da ahaztu behar giltzarriak diren datu bi. Bat: urtea amaitu barik dago. Urritik abendura bitarteko epeak aztertzea falta da. Eta bi: gaur gaurkoz, kutsadura eta osasun mugak arautzen dituen legedia malguagoa da Osasunaren Mundu Erakundeak markatutakoa baino. Hau da: indarrean dagoen legedia permisiboagoa da kutsadura indizeekin. Lege araudiak erakundeak gomendatzen dituen neurrietara doitzeko eskaria egin dute.

Ozonoa ulertzen

Ozonoari buruz berba egitean, argipen hau beharrezkoa da: ozono geruza lez ezagutzen dena lurrazaletik 20-30 kilometrotara dago eta funtzio onuragarria du: eguzkitik datorren erradiazioa blokatzen du. Hala ere, izaera kaltegarria hartzen du eguzkiak gogor jotzen duen egunetan. Beste gas partikula batzuekin nahastuta, lurrazalera gerturatzeko joera izaten du, eta osasunean eragin dezake. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!