“Emandakoa baino gehiago jaso dugu bezeroengandik; gure motorra izan dira"

Aitziber Basauri 2019ko aza. 8a, 16:50

Resu Mandalunizek (Muxika, 1954) emozio handiz bizi ditu egunok. Domekan zabalduko dute azkenengoz Astei jatetxeko jantokia, eta ezin sinetsita daude. Familian eraman dute dena eman dien jatetxea. Uritz alaba alboan duela egin du ANBOTOk solasaldia Resugaz. Negarrari ezin eutsi momentu askotan. Amaren jaiotetxea izan zena —Resu bera ere han jaioa da—erosi eta berriztu egin zuten. Nekazaritza Turismoa zabaldu zuten lehenengo, eta lau urtera jatetxea.

Nola daroazu azken 20 urtean gobernatu duzun jatetxea itxi beharra?
Pena handiagaz. Polita da jendeagaz lan egitea, asko maite gaituzte. Honetarako bokazioa izan dut eta alabek ere bai; beti pozik jardun dugu. Erretiratzeko adina heldu zait eta, neurri handian osasunak behartuta, utzi egingo dut.

Familian elkartzeko tokia izan duzue.
Eta horrela izaten jarraituko du. Madriletik edo Bilbotik etorri, beti berdin tratatu ditugu bezero guztiak. Etxean lez sentitu direla esan digute beti, eta batere kostatu barik egin dut hori: ijito, alkate zein gotzain, denak tratatu behar dira ondo. Bezeroei asko diet eskertzeko.

Lanbide baino gehiago, bizitza izan duzu Astei jatetxea.
Bizitzeko modua izan dut. Urteberri eta Natibitate egunez itxi dugu jantokia, baina taberna zabalik egon da egun horietan ere. Urte guztian izan ditu ateak zabalik.

Ohiturak aldatzea kostatu egingo zaizu? Lasaiago biziko zara…
Lasaiago bai, baina asko kostatuko zait ohiturak aldatzea. Gogorra egingo zait. Beti jende artean egin dut lan eta jende artean bizi izan naiz. Beti jende ona. Zimela jatetxean hasi nintzen ostalaritzan, orain ia 40 urte; gero, Arrien hartu nuen, beste bategaz. Orduango bezeroak Asteira etorri dira ospakizunak egitera, eta asko eskertzekoa da.

Ez zara geldi egotekoa. Badituzu proiektuak gogoan?
Beti gura izan dut informatika ikastaroren bat egin, eta egiteko dudan beste gauzetariko bat uger egiten ikastea da. Baliteke ahalegina egitea. Ilobekin disfrutatzen eta lasai bizitzen ahaleginduko naiz. Nekazaritza turismoan ere jarraituko dut, jendeagaz harremanetan. Hori ez da lana niretzat.

Hartuko du inork testigua?
Ez dakit, gatx ikusten dut. Gizartea aldatu egin da. Gaur egun, lanerako inplikazioa bestelakoa da. Alaba prest agertu da, baina ardura hau guztia berak bakarrik hartzea ez dut gura. Jatetxea guk biok lez eroateko prest dagoen norbait behar du alabak, nik bera behar izan dudan moduan.

Zelan hartu dute berria bezeroek?
Txarto. Jatetxearen martxa ona ikusita, egunerokoek ez dute ulertzen. Baina dena ez da dirua. Familian negozioa izan dutenek erabakirik onena hartu dugula esan digute. Alabak esan du bueltatuko dela honek beste motibatzen ez duen lan bat topatzen ez badu, taberna eta terraza eroateko bada ere. Bezeroek ez dute sinistu gura eta geuk ere ez oraindino.

Zuk zer duzu esateko bezeroei?
Eskerrak eman baino ez. Eman diguten maitasunagatik, baloratu gaituztenagatik. Deneriko bezeroak izan ditugu 17tik 80taka urtera artekoak, eta guk emandakoa baino gehiago jaso dugu bezeroengandik. Gure motorra izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!