Durangaldeak mundu mailako lasterketa berria izango du 2020an: junior mailako nesken kopa

Joseba Derteano 2019ko aza. 9a, 10:00

Euskal Herrian zein estatuan sekula ere antolatu ez den lasterketa baten lekuko izango da Durangaldea 2020an. Nesken junior mailan, nazioen arteko kopako jardunaldi bat hartuko du.

Maiatzaren 16tik 17rako asteburuan izango da, Bizkaikoloreak izenagaz. Oraindino ibilbideak zehaztu barik daude, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, egun bakoitzean lasterketa bat antolatuko dute; bata Abadiñon hasiko da, eta bestea, Iurretan.

Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak (UCI) emakumeen kopako egutegia handitu du: bost proba barik zazpi izango ditu hurrengo urtean. Abagune hori ikusita, Iurretako Emakumeen Birako antolatzaileek egutegira batzeko proposamena aurkeztu zuten eta UCI-k onartu egin du. "Emakumeen Bira antolatzen ibili garenez, tankerako lasterketak antolatzeko esperientzia sobera genuela iritzi diote eta gure proposamena onartu dute", azaldu du Agus Ruiz Iurretako Gallanda Txirrindularitza Klubeko kideak (iaz arte Emakumeen Bira kluba deitzen zen). Horiek horrela, egutegian ohikoak diren Italiako eta Belgikako lasterketa banari eta Herbehereetako hirurei, Euskal Herriko eta Frantziako beste bana gehituko zaie.

Emakumeen Birako diruagaz
Iurretako klubekoek ez dute Emakumeen Bira berriro antolatzeko asmorik. Bere sasoian iragarri zuten Jaurlaritzaren aldetik sostengu handiagoa jaso ezik bertan behera utziko zutela, eta harrezkero deirik jaso ez dutenez, erabakiari eusten diote. Baina oraindino Durangaldeko hainbat udalen diru-laguntzari eusten diote, eta horri etekina ateratzeko asmoa dute. "Azkenean, diru hori emakumeen txirrindularitzan inbertitzeko erabili daiteke eta ez dugu aukera hori alperrik galdu gura. Gurago dugu emakumeen lasterketak antolatzen jarraitu, eskala txikiagoan bada ere", azaldu du Ruizek. Babesle pribatuen laguntzak lortzen ere ahaleginduko dira. 

UCIk 2020ko egutegia publikatu zuenetik, hainbat taldek eskatu dute gonbidapena eskualdeko proban parte hartzeko: Ameriketako Estatu Batuetako selekzioak, Danimarkako eta Espainiako talde banak, Herbehereetako eta Frantziako binak eta Iurretako CAF Turnkey taldeak. Etorkizunean talde gehiago batu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!