124.000 euro bideratuko ditu Amankomunazgoak Gizarte Larrialdietarako laguntzetara

Anboto 2019ko aza. 4a, 19:59

Aurreko legegintzaldiko diru soberakinagaz kreditu aldaketa bat egitea onartu du Amankomunazgoak. 160.000 euroko kreditu aldaketa izango da guztira, eta hortik 124.000 euro joango dira Gizarte Larrialdietarako laguntzetara. EAJk eta Abadiñoko Independenteek osatutako gobernu taldeak egin du proposamena. Neurria babestu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak.

Funtsean, bazterkeria eta pobrezia arriskuan dauden herritarrei eskaintzen zaizkien diru-laguntzen kopurua handituko dute. Kreditu aldaketa hori “beharrezkoa eta urgentziazkoa” dela defendatu du Mireia Elkoroiribe presidenteak Amankomunazgoak gaur egindako osoko bilkuran. Besteak beste, beharrik gorriena duten herritarren elikadurarako, alokairuetarako edota osasun kontuerarako diru-laguntzak handituko dituzte. 

Kopuruei erreparatuta, 160.000 euroko kreditu aldaketatik 124.000 euro joango dira Gizarte Larrialdi laguntzetara. Beste aldaketa batzuk ere badira, baina. 6.000 euro bideratuko dira hondakinen bilketaz arduratzen diren ibilgailuen mantenu lanetara, eta, beste 10.000 hauen erregaietarako. Enplegua sustatzeko Hazilan proiektuari ere egingo diote ekarpena, eta Berrizko belodromoan dauden berogailu-galdarak konponduko dtuzte. Neurriak Abadiñoko trinketearen OHZ zerga ordaintzea ere aurreikusten du, eta puntu honetan ñabardura bat erantsi du EH Bilduk. Abadiñoko Udalari eskatu dio trinketearen zerga kentzea. Proposamena Abadiñoko Udalagaz batera aztertuko duela erantzun du Elkoroiribek.

Crespo, presidenteorde

Aurrerantzean, Amankomunazgoko presidenteordea izango da Javier Crespo. Abadiñoko Independienteek bertan duten ordezkaria da.

Soldata igoera langileentzat

Uneotan duten soldata 0,25 igoko zaie Amankomunazgoagaz lan-kontratua dutenei. 2019ko irailean abiatutako neurria da, eta legegintzaldi hasieratik emandako soldata igoeren azken atala. Igoera honek atzera begirako eragina izango du 2019ko uztailera arte.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!