“Ez dago argazki perfekturik; momentua da perfektua, ez argazkia ”

Aitziber Basauri 2019ko urr. 27a, 11:00

‘Entzun...’ eta ‘Durangaldeko zaindari’. Olatz Aizpitartek eta Aitor Bilbaok argazki bi horiekin irabazi dute, hurrenez hurren, Anbotok antolatutako udako argazki lehiaketako epaimahaiaren saria, aurten. Mendia maite dute biek, eta mendia da protagonista ateratzen dituzten argazkietan.

Zer erakutsi gura izan duzue saritutako argazkietan?
Aitor Bilbao:
Gure ingurua erakutsi gura izan dut. Gure mendiak islatu.  Amildegiaren gainean dagoen lagunaren perspektibagaz ere jokatu dut, ingurua goitik begiratuta nola ikusten den erakusteko. Alluitzen atera nuen.
Olatz Aizpitarte: Argazkiak naturaren lasaitasuna, bakardadea eta bakea islatzen ditu. Eslovenian egin nuen; laku batean zegoen arrantzalearen bakardadea apurtu genuen. Mendira joan aurretik, goizean goiz, ateratako argazkia da.

Bion kasuan mendia da lotura. Zer da zuentzat mendia?
Aitor: Dena. Eguneroko bizitzaren parte da. Asko ibiltzen naiz mendian: korrika, bizikletan, eskiekin… Poza ematen dit, harmonia.
Olatz: Dudan denbora librea mendian ematen dut nik ere. Bizikletan, korrika edo lagunekin. Dena dut mendia. Bakea ematen dit eta beharrezkoa dut hara joatea.

Noiztik duzue argazkigintzarako interesa?
Aitor: Urte gutxi batzuk dira argazkiak ateratzen hasi nintzela. Lagunentzat atera izan ditut batzuk, baina ez dut argazkigintzan modu berezian jardun. Udan, bigarren eskuko kamera bat erosi nuen eta lehiaketara aurkeztera animatu nintzen, proba egiteko. Ez nuen itxaroten irabaztea. Oso pozik hartu nuen berria.
Olatz: Nik ere ez nuen itxaroten irabaztea. Betidanik izan dut zaletasuna, baina mugikorragaz atera izan ditut argazkiak. Mendiak eta paisaiek emandako aukerak ikusita, kamera erostea erabaki nuen.  Ordutik, pare bat ikastaro egin ditut.

Zeri ateratzen diozue erretratua?
Aitor: Paisaiei eta naturari lotutako argazkiak ateratzen ditut.
Olatz: Mendiari.  Kalean ere atera ditut erretratuak, eta kirola egiten ere bai, adibidez. Baina, normalean, naturagaz lotutako argazkiak ateratzen ditut.

Baduzue erreferenterik?
Aitor: Seb Montaz-Rosset alpinista frantsesa, adibidez.
Olatz: Jimmmy Chin, adibidez. Hemengo ingurukoa, Lehior. Asko gustatzen zait.

Badago argazki perfekturik?
Aitor: Ez. Momentua da perfektua, ez argazkia.
Olatz: Gainera, norberaren ikuspuntua ere hor dago. Oso erlatiboa da hori.

Zer behar du argazki on batek?
Aitor: Argi egokia, egunaren momentu egokia.
Olatz: Egitura on bat.

Mendi korrikalariak zarete biok. Modan dagoen kirola da.
Aitor: Bai. Betidanik ibili izan naiz mendian; gurasoengandik datorkit zaletasuna. Inoiz ere ez dut helburu izan korrika egitea, baina orain lehiatzen hasi naiz, eta gehiago ibiltzen naiz korrika mendian.
Olatz: Orain urte bi hasi nintzen lehiatzen, baina modu lasaiagoan ere disfrutatzen dut mendiaz, lagunekin adibidez. Modan dago, bai, baina zentzunez jokatu behar da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!