Berton Bertokoa dinamikak pozik hartu du Hezkuntza Sailak eskola elikaduraren arloan hartu duen norabide berria

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 24a, 16:02

Iaz, Atxondoko plazan jan zuten herriko ikasleek astebetez.

Legebiltzarrak aho batez onartu du, gaur, eskolako jangelen kudeaketa eguneratzea. Jaurlaritzak lau hilabeteko epea du hemendik aurrera jantokien kudeaketa araudia eguneratzeko. Bestalde, Hezkuntza Sailaren 2019-2023 Azpiegitura Planak sukalde bana ipintzea jasotzen du Durangaldeko lau ikastetxetan: Zaldibarko eta Atxondoko ikastetxeetan, Iurretako Juan Orobiogoitian eta Durangoko Zabalarran.

Lau hilabete ditu Jaurlaritzak eskola arloko eragileekin batu eta kudeaketa plan berri bat idazteko. "Hor egongo gara gu ere. Gure iritzia emango dugu. Aldarrikatuko dugu eskola jangelen kudeaketa (erosketak egitea, prestakuntza planak, egitea...) administrazio publikoak egin beharrekoak dela. Jaurlaritzak berak egin dezake kudeaketa hori, baina guk Durangaldean egiteko aukera dagoela aldarrikatuko dugu", azaldu du Berton Bertokoa dinamikako Alex Azpirik. Eskola elikaduraz gain, eskualdeko ekoizleentzako leiho bat ere zabaldu gura luke dinamikak.

Sukaldeak eskoletan

Eskola elikaduraren arloan, norabide berria hartu du Eusko Jaurlaritzak. Azken 20 urteetan ikastetxeetatik sukaldeak kentzeko joera izan du eta badirudi orain bestelako joera bat hartu duela. Gaurko albisteari lotu behar zaio duela egun gutxi onartutako 2019-2023 Azpiegitura Plana. Bertan jasotzen denaren arabera, sukaldeak ipiniko dituzte Zaldibarko eta Atxondoko ikastetxeetan, Iurretako Juan Orobiogoitian eta Durangoko Zabalarran. Egunotan, gainera, Jaurlaritzako arkitektoak Atxondo, Zaldibar eta Iurretako ikastetxeetan izan dira jangelak ikuskatzen. Zabalarran, baina, ez. Lanak egin beharko dituzte bertan sukaldeak eraikitzeko.

Isa Gonzalez Berton Bertokoako kidea pozik dago albisteegaz. "Orain hiruzpalau urte hasitako eskakizunak hasi dira fruituak ematen. Guk eskatzen dugun elikaduraren norabidean, lehen harri bat ezartzen dute neurri hauek". Alex Azpiri dinamikako kidea ere bat dator irakurketagaz, baina guztia egindakoan lasaituko direla nabarmendu du: "ez gara erlaxatuko lanen epeak eta diru-partidak paper gainean ikusi arte. Are gehiago, guztia bukatutakoan lasaituko gara". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!