Sindikatuek deituta (LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE, HIRU) Kataluniako prozesu subiranistaren buruzagien aurkako epaia gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Durangaldean. "Epai honekin estatuak mezu beldurgarri bat helarazi nahi digu denoi: gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu. Epai eta zigor honekin erakusten ari dira nola joko duten edonoren aurka", azaldu dute sindikatuek. Bestalde, elkarretaratzeen bidez, estatuko instituzioei mezu bat helarazi diete. "Ez da sortu Euskal Herriaren eta Herri Katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik".
Horrez gain, sindikatuek urriaren 19rako Gure Eskuk deitu duen mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei. Manifestazioa bihar izango da Donostian.