“Orduan ez ginen kontziente, baina moldeak apurtu genituen”

Joseba Derteano 2019ko urr. 18a, 09:35

60ko hamarkadaren amaieran, emakume batzuk lehenengo urratsak ematen hasi ziren futbolean zeuden harresiak eraisteko. Miren Zamakona (Kemen taldeko jokalari ohia), Kontxi Egiarte (Iraultza taldeko eta Idoia Larrañaga aitzindariak izan ziren emakumeen futbolean, eta Durangoko Kemen, Zornotzako Iraultza eta Elorrioko Besaide taldeetan jokatu zuten, hurrenez hurren. Hainbat partidu jokatu zituzten eta, tartean, baita elkarren arteko derbiak ere: 1969ko urrian, Durangoko Tabira futbol zelaiak Kemen eta Besaide taldeen arteko neurketa hartu zuen. Urte bereko abenduan, Iraultzak eta Kemenek beste partidu bat jokatu zuten Zornotzan. Hiru protagonistek partidu bi haiek gogoratu dituzte eta, emakume izanda, orduan futbolean aritzeak suposatzen zuenaren inguruan gogoeta egin dute.

Umetatik gustatzen zitzaizuen futbolean jokatzea?
Miren Zamakona:
Nik ez nuen aurretik futbolean jokatu. Durangoko neska batek, Lidia Perezek, gauza asko antolatzen zituen eta behin esan zigun ongintzazko partidu bat antolatu gura zuela beharrizana zutenen alde dirua batzeko. Hainbat kuadrillatako jendea batu ginen partidu haren harira. Aste batzuetan entrenatu ginen, entrenatzaile batzuen laguntzagaz. Klase teorikoak eta praktikoak, bietatik jaso genuen. Tabira futbol zelaian entrenatzen ginen, goizetan, 07:00etan hasita.
Kontxi Egiarte: Ni beti izan naiz futbolzalea. Oraindino ere asko gustatzen zait. Txikitan aitagaz joaten nintzen, Amorebietaren partiduak ikustera. Kanpoko partiduetara ere joaten ginen, autobusean. 
Idoia Larrañaga: Oraingo moduan, orduan ere geldi egon ezin den horietakoa nintzen. Antzerkian, dantzan, monitore lanetan… ibili nintzen, eta kirola ere asko gustatzen zitzaidan. Orduan, ekintzaileak ginen. Dirua batu gura genuen gazteei begirako ekintzak antolatzeko, eta Elorrioko futbol talde biren arteko partidua antolatu genuen, 1968an. Maite Egidazu eta Mari Lolo Igartiburu izan ziren, besteak beste, partidu haren sustatzaileak. 19-20 urte genituen denok. Partiduan batutako diruagaz, gerora Mocedades deituko zen taldea ekarri genuen Elorriora. Orduan, 'Voces y guitarras' deitzen ziren.

Kontxi, hiru taldeetan Iraultza izan zen sortzen lehenengoa.
K.E.:
1968an izan zen. Dantzan egiteko talde bat sortzen genbiltzan, baina ez geneukan dirurik. Zer egin? “Eta emakumeen futbol talde bat sortzen badugu?”, bota nuen behin. “Baina noren kontra jokatuko dugu?”, erantzun zidaten. Talderen bat aurkituko genuelakoan, asmoagaz aurrera egitea erabaki genuen. Deustuko Unibertsitateko nesken kontra jokatu genuen lehenengo partidua, Zornotzan. Gogoan dut, partidu haren harira, Zahor txokolate enpresara joan ginela gure babesle izan zitezen eskatzera. Hauxe esan nien: “Gure babesleak izan behar duzue, unibertsitatekoen kontra jokatuko dugu, kazetariak etorriko dira eta famatuak egingo zarete!”. Eta konbentzitu egin genituen!

Zelan gogoratzen duzu lehenengo partidu hura?
K.E.: Gu praka motxetan eta takodun oinetakoekin zelairatu ginen; eurak gonagaz eta zapatilekin. Gure izaera baloi guztiak borrokatzekoa zen eta beti aurrera egiten genuen. Eurak ez ziren horrelakoak. Baloiak gure oinetan amaitzen zuen beti . 5-0 irabazi genien.

1969ko urrian, Durangoko Kemen eta Elorrioko Besaide taldeen arteko partidua jokatu zen Durangon. Zelan gogoratzen duzue egun hura?
I.L.:
Serio ibili ginen. Talde biok irabazi gura genuen. Hala ere, lagunarteko giroa zegoen. Gaur egun dena da lehia eta irabazi beharra. Orduan desberdina zen.
M.Z.: Denok helburu beraren baitan batu ginen eta ikuskizun on bat eskaini gura genuen. Ondoren, Durangoko Kulturalekoek esan ziguten partidu hartan urteko sarrerarik handiena egon zela Tabira futbol zelaian.

Handik hile bira, 1969ko abenduan, Zornotzako Iraultza eta Durangoko Kemen taldeen artekoa jokatu zen, Zornotzan.
K.E.: Iraultza taldeak 3-1 irabazi zuen.
M.Z.: Gogoan dut eguraldi txarra egin zuela. Txingor-zaparradak egin zituen eta zelaia lupeztuta egon zen.
K.E.: Takoak lupetzetan trabatzen zitzaizkigun.
M.Z.: Atezaina lesionatu egin zitzaigun eta neu ipini nintzen bere ordez, taldeko txikiena izan arren. Gogoan dut jokalari bat baino gehiago lesionatu zitzaigula lehenengo zatian, eta aldageletatik bueltan Iraultza taldeko batzuek gugaz jokatu zuten.
K.A.: Egunkarietan partidu haren kronikak egin zituzten. Partidu hartan gol bat sartu nuen eta kazetari batek idatzi zuen sasoirik oneneko Anton Arieta, Athletic taldeko jokalari ohi durangarra, ematen nuela. Bada, Arietak kronika hura irakurri zuen eta Amorebieta futbol klubera deitu zuen, golegile lez parekatzen zuten emakume hori nor zen galdetzeko!

Partidu haien ondoren, taldeek ibilbide luzea izan zuten?
M.Z.:
Ez. Partidu batzuk gehiago jokatu eta Kemen taldea desagertu egin zen. Orduan jokalari ginenok hainbat gauzatan sartuta geunden eta ez geneukan denerako astirik.
I.L.: Gure kasuan ere ez zuen asko gehiago iraun. Futbola gustatzen zitzaidan, baina gu ere gauza askotan sartuta geunden eta, azkenean, utzi egin genuen.
M.Z.: Gainera, partidu haiek helburu konkretu bategaz antolatu ziren. Ongintzazko partiduak ziren.
K.E.: Guk apur bat gehiago jarraitu genuen. Gogoan dut Lemoaren kontrako partidu batean ateratako diruagaz farola batzuk erosi zirela Zornotzako futbol zelairako. Urte hartan dirurik gehien batu zuen partidua izan zela esan ziguten. Bigarren talde bat ere sortu genuen, neska gazteagoekin. Afizioa geneukan, serio genbiltzan eta taldea federatu gura izan genuen ligan jokatzeko, baina, azkenean, ez zen aurrera irten.

Kontxi, Iraultza taldean ibili zinetenok omenaldi bat jaso zenuten joan zen maiatzean. Zelan gogoratzen duzu egun hura?
K.E.: Amorebieta futbol klubak antolatutako neska gazteen futbol torneo batean izan zen. Sasoi bateko jokalari asko batu ginen eta polita izan zen eurak ikustea. Horrelako errekonozimendua jasotzea oso polita izan zen, benetan hunkigarria.

Sasoi hartan, sentitu zenuten errezelorik jendearen partetik emakumeak futbolean jokatzeagatik?
M.Z.: Ez gintuzten serio hartzen.
I.L.: Orduan ez zen erraza! “Mujeres teníais que ser” eta antzerakoak entzuten genituen.
K.E.:  Kamioilari gorputza geneukala, jokatzen ez bagenekien sukaldera itzuli behar genuela… eta antzerakoak esaten zizkiguten partiduetan.
M.Z.: Horrelako komentarioak ez ziren gustagarriak, baina, tira, dena aguantatzen genuen. Ez zigun ardura.
I.L.: Beste sasoi batzuk ziren.
M.Z.: Baina, beste aldetik, orduan mutikoak ziren bat baino gehiago oraindino gogoratu egiten dira partidu hartaz. Behin baino gehiagotan komentatu izan didate. Eurentzat nobedadea izan zen eta!

Atzera begira ipinita, zelan ikusten duzue orduan egin zenutena?
I.L.: Orduan ez ginen kontziente, baina moldeak apurtu genituen. Orain, distantziatik begiratuta, argiago ikusten dut hori. Futbola gizonen kirola zen, guztiz.
K.E.: Bide bat zabaltzen lagundu genuela uste dut.
M.Z.: Ez ginen helburu horregaz batu; beste bat zen motibazoa. Idoiak eta Kontxik dioten moduan, orduan, beharbada, ez ginen jabetzen egiten genbiltzanaren esanguragaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!