%20 igo dute Amankomunazgoko presidentearen soldata, eta eztabaida sortu da

Anboto 2019ko urr. 9a, 20:19

10.000 bat euro gordin gehiago jasoko ditu aurrerantzean. Aurreko legegintzaldiko Aitor Lopez presidenteak (EH Bildu) 48.000 euro gordin jasotzen zituen eta 58.000 bat euro gordin jasoko ditu Mireia Elkoroiribek. Igoera, eskuartean duen erantzunkizunagaz proportzionala eta orekatua” dela defendatu du Elkoroiribek. Igoera babestu dute EAJk eta Abadiñoko Independenteek. Aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak

Amankomunazgoko 27 ordezkariek batzarra egin dute gaur. Presidentearen soldata igotzeko proposamenak eztabaida sortu du. Aitor Lopez EH Bilduko biltzarkide eta aurreko legegintzaldiko presidenteak adierazi du soldata igoeraren “kontra” daudela. “Orain arteko soldata duina zen, altua, eta herritarrenganako dugun erantzunkizunari lotua”. Azaldu du igoera ez dagoela “justifikatuta”, eta ez duela ulertzen zergatik ematen diren soldaten gorabeherak. Gogora ekarri du EH Bildu eta Herriaren Eskubidea agintera ailegatu zirenean, soldata jaitsi zutela, eta orain berriro igo dela.

Neskutz Rodriguez Herriaren Eskubidea taldeko ordezkariak ere agertu du desadostasuna. Atzerapen ekonomiko berri bat ”mehatxuka” dagoela azaldu du, eta diruak baliabide sozialak indartzera joan beharko lukeela adierazi du.

Mireia Elkoroiribe presidenteak soldataren igoera defendatu du. Azaldu du igoera eskuartean dituen “erantzunkizunekiko proportzionala eta orekatua dela” eta Aitor Lopezi erantzun dio, esanez, EH Bilduren agintaldia hasi zenetik hona igoerak eman direla, eta, horrenbestez, ez dela soldata %20 igo, %12,8 baino. 

Soldata igoera arautzeko oinarria Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpideetan dago eta Amankomunazgoa osatzen duten herrietako biztanleriaren batez bestekoa egin dute horretarako. Batez besteko horren arabera, 6.000 biztanle ditu herri bakoitzak, eta Aldundiaren arabera, Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten araberako soldata behar luke presidenteak, kopurua %10 jaitsita. Elkoroiribek adierazi du markatutakoa baino murrizketa handiagoa aplikatu diola soldatari.

Aldaketak batzordeetan

Aurrerantzean hiru batzordetan jorratuko dira Amankomunazgoaren lan-ildoak: antolakuntza batzordea, herritarren batzordea eta tokiko garapenaren batzordea. Bertako batzarkideen kopurua 7tik 9ra pasako da. 4 ordezkari izango ditu EAJ, 3 EH Bilduk eta bana Abadiñoko Independenteek eta Herriaren Eskubideak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!