Berton Bertokoa: "Ikasitakoak jantoki eredua aldatzen segitzeko indarra eman digu"

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 8a, 15:44

Eskola elikadura osasungarriari eta iraunkorrari buruzko nazioarteko topaketak izan ziren pasa den astean Bilbon, eta han parte du Durangaldeko Berton Bertokoa mugimenduak. Eskozia, Italia, Kanariar uharte edo Valentziatik etorritako eragileegaz batera, eskola jantokien esperientziak elkartrukatu dituzte.

Topaketetan ikasitakoak "jantoki eredua aldatzen segitzeko indarra" eman diela azaldu du Zabalarra eskolako Berton Bertokoa elkarteko kide Iolanda Azkaratek. "Ikusten ari gara gizarte mugimenduetan, eskoletako guraso elkarteetan, elikadurak, gero eta kezka zein inplikazio handiagoa sortzen duela". Jardunaldietan ikasitakoaren adibide modura ipini dituzte, besteak beste, Aragoi eta Valentzia. Lehehengoaren kasuan 11 jantoki berri eraiki dira eskoletan aurten, guraso taldeen eta gobernuaren akordioagaz. Valentziari dagokionez ere, eskola jangeletan ematen den elikagaien %40 bertakoa izan behar dela diote legeek. “Esperientzia batzuetan gobernuak doaz aurretik. Beste batzuetan herri mugimenduak. Gu, nolabait, erdian gaude. Oraindik ez dugu gure eskoletan sukaldeak jartzea lortu, baina gauzak pil-pilean daude. Gure politikarietako batzuk jardunaldietan parte hartzen ikusi ditugu”.

Aurrerantzean, tokiko eskola elikadura balioan ipintzen jarraituko dutela adierazi dute. Elikaduraren pedagogia bat behar da", diote. Zabalarra eskolaren kasuan, nekazariak eraman gura dituzte eskolara hitzaldiak ematera. Elikadura eskolagaz segitzeko asmoa agertu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!