Durangaldeko sindikatuen arabera, metalgintza arloko langileen grebak jarraipen "izugarria eta kolosala" izan du

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 4a, 14:20

Sindikatuak pozik agertu dira eskualdeko metalgintza arloko langileek greban izandako erantzunagaz. "Izugarria izan da, kolosala. Durangaldeko langileek sutsuki jarraitu diote metalgintzako grebari", azaldu dute ELA sindikatuaren Durangaldeko ordezkariek. LAB sindikatukoek, berriz, langileak egitean ari direna "historikoa" dela nabarmendu dute. Astelehenetik barikura arte egon dira deituta lanuzteetara, eta, lanuzteen  jarraipena "arrakastatsua" izan dela nabarmendu dute.

LAB sindikatuak asteon zabaldutako ohar baten arabera, eskualdeko hainbat enpresa handik eta ertainek itxi egin dituzte lantegiak. Tartean egon dira besteak beste,  Gestamp (Abadiño), Pierburg (Abadiño), Lince (Elorrio), CIE Egaña (Zaldibar) eta CIE Udalbide (Izurtza).

Zornotza izan da grebako beste eszenatoki nagusietariko bat. Martitzenean, Durangaldeko beharginek manifestazio jendetsua egin zuten bertako kaleetan, Arratiako, Lea- Artibaiko eta Busturialdeko beste hainbat langilegaz batera. Ertzaintzaren berbetan, 3.000 langilek zeharkatu zituzten herriko kaleak, eta, 3.500-4.000 inguru izan ziren sindikatuen esanetan. Pikete taldeen eta Ertzaintzaren artean tirabira eta tentsio uneak egon dira, eta, eguazten goizean, Ertzaintzak pikete talde bateko 30 bat langile identifikatu zituen Boroako industrialdean. LAB sindikatuak Ertzaintzaren "bortizkeria" salatu du, "karga polizialak, katxeoak eta mehatxuak" egon zirela adierazita. Karga polizialari dagokionez, baina, gauzak ez daude argi. Ertzaintzaren esanetan, ez zen kargarik egon. "Dei bat" jaso zutela adierazi dute polizia iturriek. Piketeek "industrialdeko auto batzuetan kalteak" eragin zituztela eta "enpresaren batera objektuak jaurti" zituztela dio Ertzaintzak. "Pikete taldeko kide batek agente bat kolpatu" eta gero, hainbat pertsona identifikatu zituztela azaldu dute. Sindikatuek diote Berrizko fabriketan ere antzerako identifikazioak egin zituztela. "Informatiboak ziren piketeak identifikatu dituzte, modu prebentiboan, oraindik ezer egin barik zeudela", esan dute CCOOko iturriek.

Etenik ez
Grebak amaituta, aurrerantzean jarraituko duten bidea adostu gura dute sindikatuek. "Hitzarmena berritu arte", mobilizazioek ez dutela etenik izango diote ELAk eta LABek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!