[BIDEOA] Bizkaiko baso autoktonorik handiena sortzen laguntzeko deia egin dute Durangaldeko hainbat herritarrek

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 4a, 11:06

Lurgaia fundazioak Bizkaiko baso autoktonorik handiena sortu gura du Muxikako Ibarruri auzoan, eta Durangaldeko hainbat herritarrek egitasmoan laguntzeko deia egin dute. Zuhaitz haziak landatzera joateko irteerak antolatu ohi ditu Lurgaiak, eta fundazioagaz harremanetan ipintzera animatu dituzte herritarrak.

Klima aldaketaren aurrean, ekintza zuzen bat egitea proposatu dute bideoan. "Zuhaitzak landatzea, zuhaitz asko" behar direla diote. Erronka modura "100 pertsonak, 100 zuhaitz hazi" landatzea proposatzen dute, "Gernikatik, Durangotik eta Zornotzatik" 15 minututara dagoen eremu batean. Hain zuzen, Muxikako Ibarruri auzoan Bizkaiko baso autoktonorik handiena sortu gura du Lurgaia fundazioak, eta haregaz harremanetan ipintzeko deia egin dute. Fundazioak txangoak antolatu ohi ditu, boluntarioek, bertan zuhaitz haziak landatu ditzaten.

Eukeni Bastida iurretarraren ideia izan da bideoa egitea. "Parte hartu izan dut Lurgaiaren egitasmoetan. Zuhaitzak landatzen aritu naiz. Oso jende interesgarria dira, oso naturzaleak", azaldu du. Basoa sortzen lagundu gura dutenek Lurgaia fundazioagaz ipini beharko dute harremanetan, 946576110 telefonoan, edo info@lurgaia.org helbidera idatzita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!