Airearen kalitateari buruz informatzerako orduan, gardentasun gehiago egon dadila eskatu die Durangaireak udalei eta Jaurlaritzari

Anboto 2019ko urr. 4a, 07:56

Eusko Jaurlaritzak asteon ipini du herritarren esku airearen kalitateari buruzko informazioa eskaintzen duen mugikorrentzako app aplikazioa. Durangaireak aplikazioa “begi onez” ikusten duen arren, oraindik “asko hobetu beharreko atalak” daudela dio. Halaber, Durangaldeko udalei  dei egin die airearen kalitateari buruzko datuak web orrietan eta kaleko paneletan ikusgai jartzeko. Airearen kalitatea neurtzeko gailurik ez duten herrietan, halakoak jartzea ere eskatu die udalei eta Jaurlaritzari

Jaurlaritzak martxan jarritako aplikazioan “informazio partziala” ematen dela dio Durangairea plataformak, eta, ondorioz herritarrek ezin dutela “datu horien interpretazio eta zaintza egokia egin”. Horren erakusgarri da aplikazioan ez dela airera isurtzen diren elementuen (nitrogeno oxidoa, ozonoa, bentzenoa) “lege eta osasun mugak” ageri.

Aplikazioan egiten diren balorazioetan Ingurumenaren Europako Agentziak gomendatutako irizpideak erabiltzen direla  dio Durangaireak, eta horren aurrean Munduko Osasun Erakundearen (OMS) irizpideak erabili daitezen eskatu du, azken hauek, irizpide zorrotzagoak ezartzen baitituzte.

Halaber, Durangaldeko udalei  dei egin die airearen kalitateari buruzko datuak web orrietan eta kaleko paneletan ikusgai jartzeko. Airearen kalitatea neurtzeko gailurik ez duten herrietan, halakoak jartzea ere eskatu die udalei eta Jaurlaritzari.

Jaurlaritzaren aplikazioan Durangaldeko hainbar neurgailuren datuak kontsultatu daitezke: Durangokoa (San Roke kalekoa), Abadiñokoa (Urkiolan ipinitakoa) eta Zornotzakoak (Montorran, Boroan eta Zelaieta zentroan daude)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!