Eskualdeko lau ziklistak Pirinioetako Trans-Nomad proba prestigiotsuan parte hartuko dute mendiko bizikletagaz

Joseba Derteano 2019ko ira. 30a, 10:30

Durangaldeko lau ziklistak munduko BTT Enduro probarik prestigiotsuenetarikoan parte hartuko dute urriaren 3tik aurrera. Mikel Mendizabal eta Igor Garate abadiñarrak, Harriet Ibarretxe durangarra eta Paul Lebeiti iurretara dira lau protagonistak. Andoni Larruzea izango da euren mekanikoa.

Erronka ez da nolanahikoa. Lau etapatan banatuta, 150 kilometro egin beharko dituzte Pirinioetako Bielsa herritik abiatuko den ibilbide gorabeheratsuan. Guztira, 5.800 metroko desnibel positiboari aurre egingo diote. Espezialitate horretan dauden munduko ziklistarik onenetarikoak batuko dira bertan.

Mendizabalek eta Garatek bigarrenez parte hartuko dute proba horretan. Ibarretxerentzat eta Lebeitirentzat, ostera, estreinaldia izango da. "Badakit oso gogorra egingo zaidana. Igo beharreko desnibela itzela da. Baina, tira, proba amaitzea lorpen handia izango da niretzat. Amaitzea eta ondo pasatzea dira helburuak", dio Lebeitik.

Aurreko esperientzia
Iurretarrak badaki antzerako probetan sufritzea zer den. Apirilean, Jon Juaristi abadiñarra eta biak EpicEnduro proban aritu ziren, Europako enduro lasterketarik gogorrenean. Orduan, Montepellier-etik irtenda, 16 ordu eman zituzten bizikletatik jaitsi barik, 5.000 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean. "Esperientzia hori baliagarria izango zait aurretik dugun abenturari begira", uste du ziklista iurretarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!