“Ez dago gobernurik eta egoera okertzen ari da; sekula baino gehiago egin behar dugu protesta”

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 29a, 10:45

Durangaldeko pentsiodunen mugimenduak protestarako deia egin du, pentsio duin eta publikoak aldarrikatzeko. Astelehenean, hilaren 30ean, mobilizazioa egingo dute, Durangon, Andra Mariko elizpean, 12:00etan.

Ikasturte honetan ‘salto kualitatibo’ bat emango zenutela adierazi zenuten orain aste batzuk. Zeintzuk aldaketa egongo dira zuen protestetan?
Maria Pilar Mintegia:
Gure ekintzak ez dira astelehenero 12:00etan egiten ditugun mobilizazioetara mugatuko. Areagotu egingo ditugu aldarrikapenak.
Eguzkiñe Uriondo: Aurretik daukagun egoera arriskutsua da. Ikusten gabiltzana da Espainiar estatuan berriro egingo direla hauteskundeak, eta horregaz pikutara joan daitezkeela orain arte egindako lorpenak. ‘Toledoko hitzarmena’ baino ez genuke izango, eta, horregaz, %0,25 bakarrik igoko lirateke pentsioak 2020an. Ez dago gobernurik eta egoera okertzen ari da. Pentsiodunok sekula baino gehiago egin behar dugu protesta gure aldarrikapenak sinatu daitezen.
M.P.M.: Gure eskakizunak indargabetuta gelditzen dira etengabe. Gobernua aldatzean, presidentetza aldatzean,... gure lorpenak indargabetuta gelditzen dira. Pentsioak blindatzea gura dugu, agintaritzan edozein egonda ere, sinatutakoa indarrean geratu dadin.

Zeintzuk dira testuinguru politikoagatik arriskuan ikusten dituzuen aldarrikapenak?
E.U.:
Bizimodua garestitu egin denez, pentsioetan ere islatu behar da igoera hori. Kontsumoko prezioen indizea %1,6 igo bada, pentsioetan ere pareko igoera bat egon behar da. Alarguntasunagaz ere badira arriskuak, eta baita pentsioen jasangarritasun kutxagaz ere. Dena airean dago.
M.P.M.: Alarguntasunaren pentsioa %3 igotzea hitzartu da, baina tranpa bat dauka. Alarguna denak, alarguntasun pentsioaz gainera, ohiko jubilazio pentsioa jasotzen badu, ez du %3ko hazkunde hori jasoko. Pentsio biak jasotzen diren kasuetan, baliogabetu egiten dira alarguntasunean emandako onurak.

Pentsio sisteman aldaketak egiteko borondaterik ikusten duzue agintarien aldetik?
E.U.:
Haiek dirurik ez dagoela diote. Guk ikusten duguna da segun eta zertarako, egon badagoela dirua. Hasi daitezela neurriak hartzen. Bizi osorako soldatak dituzte, senatu bat ere badute erdi lo egoteko. Dirudik ez badago, ez dadila inorentzat egon. Pentsioen kutxatik dirua hartu zuten, zer eta bankuak erreskatatzeko, paradisu fiskaletarako,... Itzuli diezagutela diru hori. Bestalde, diseinatu dezatela zergen bitartez ere eraikiko den pentsio sistema bat. Zergatik ez? Iruditzen zaigu hori dela irtenbide bat.
M.P.M.: Gainera, orain ikusi dugu Bizkaiko Foru Aldundiak erraztasunak eman gura izan dizkiela errenta altua duten herritar batzuei.
E.U.: Presioa egiten gabiltza, estatuan, Jaurlaritzan. Esaten digute pentsio sistema pribatua dela irtenbidea. Guk ez dugu halakorik gura. Pentsioen sistema publikoa gura dugu.

Gazteria inplikatuta al dago zuen aldarrikapenetan?
M.P.M.:
Borroka hau gurea bakarrik den irudia dute. Guk apurtu egin gura dugu irudi hori. Gazteriak ikusi behar du gauzak aldatu behar direla, etorkizunean eurak ere pentsiodun izango direla.
E.U.: Gure aldarrikapenen artean, gainera, gazteriaren interesekoak diren eskariak ere badaude. Soldata minimoa 1.200 eurotan ipini dadin ere eskatzen dugu. Kotizazioa handituko luke horrek. Gazteek jakin behar dute borroka hau eurena ere badela.

Astelehenean egingo duzuen protestak metalgintzako langileen grebagaz bat egingo du.
E.U.:
Gainjartzen diren borroka bi dira gurea eta metalgintzako langileena. Lanik ez badago, ez dago pentsiorik. Elkarri laguntzen diogu mugimendu bietan. Metalgintzakoek astelehenean mobilizazio bat Durangon egitea erabakitzen badute, hortxe egongo gara. Eta, alderantziz. Eurek gure mobilizazioan ere egongo lirateke. Eta Durangaldean barik Bilbon mobilizatzea erabakitzen badute, bada, berdin. Bizkaiko pentsiodunak hantxe izango dira, metalgintzako langileekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!