Durango, Mañaria, Elorrio eta Izurtzako udalek bat egin dute osasun arloko zerbitzuak hobetzeko eskaeran

Joseba Derteano 2019ko ira. 26a, 12:45
Gaur goizean egin duten batzarreko irudia.

Durangaldean 24 orduko pediatria zerbitzua, erreanimazio kardiobaskularra eta anbulantzia medikalizatua lortzeko bidean “elkarlanean” aritzeko helburuarekin batzartu dira lau herrietako alkateak.

Durangoko Udalak eskualdeko herri denetako alkateak deitu ditu gaur goizeko batzarrera. Ordu batzuk geroago Galdakaoko ospitalean zuten bilera prestatzea zen helburua. Durango, Mañaria, Elorrio eta Izurtzako alkateak joan dira bilerara. “Gaurkoan alkatea asko falta izan dira, eskualde osotik lau herri baino ez gara bildu, baina eskua luzatzen diegu falta diren beste herriei oinarrizkotzat jotzen ditugun zerbitzu hauek lortzeko, guztion elkarlana ezinbestekoa baita”, adierazi dute Durangoko Udaletik bidalitako ohar batean.

Osasun zerbitzua hobetzearen beharrak azpimarratu dituzte. “Aipatzeko datua da gure eskualdean pediatria zerbitzua behar duten ume kopurua 12.000 dela eta bestetik, edozein herritarri ezbehar bat gertatuz gero, gertuen dugun anbulantzia medikalizatu bakarra Gernikan dagoela. Kezkagarria da benetan 100.000 biztanle inguru dituen eskualdea izanik, anbulantzia medikalizatu bakar bat ere ez izatea”, azaldu dute.

Osasun sailari beste bilera bat eskatuko diote azaroan gaia jorratzen jarratzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!