Metalgintzako grebaren atarian, industrialdeetan mobilizatu dira sindikatuak

Anboto 2019ko ira. 26a, 13:11
Astolako industrialdean (Abadiño) mobilizatu dira bestek beste.

Mallabiko, Abadiñoko, Zornotzako eta Durangoko industriagunetan mobilizazioak egin dituzte Durangaldeko sindikatuek. Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena eguneratzeko azken negoziazio batzarra atzo egin zuten. Akordiorik ez zen egon patronalaren eta sindikatuen artean. Azken orduko aldaketarik ezean, astelehenean grebari ekingo diote. Eztabaida Durangoko eta Abadiñoko udalbatzetara ere ailegatu da.

Porrot egin zuen atzo sindikatuen eta patronalaren artean egindako azken negoziazio batzarrak. Azken orduko aldaketarik ez bada, Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena eguneratu dadin eskatzeko, greba egingo dute astelehenetik barikura arte.

Adierazpenak udalbatzetan

Metalgintzako hitzarmenaren eztabaida Durangoko eta Abadiñoko udalbatzetara heldu da.  Jaime Intxausti Durangaldeko CCOOeko arduradunak adierazpen bat aurkeztu zuen atzo Durangon egindako osoko bilkuran. Besteak beste, udala negoziaketetan inplikatu zedin eskatzen zuen. Udal gobernu taldea osatzen duten EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak adierazpena babestu zuten. Abstentziora jo zuten EAJk eta PSE-EEk. Sindikatuen eta patronalaren arteko bileretan udalak "negoziatzeko eskumenik ez duela" azaldu zuten. Abadiñoko kasuan, EH Bilduk aurkeztu zuen sindikatuen adierazpena. Aurka bozkatu zuten EAJk eta Abadiñoko Independienteek. "Tristea da udaleko taldeen artean ez izatea gai testu bateratu bat kaleratzeko" adierazi du Mikel Urrutia Abadiñoko EH Bilduko zinegotziak. "Are gehiago, 3.300 abadiñarrek sektorean lan egiten dutela kontutan hartuta. Ezin gara neutroak izan horrelako egoeren aurrean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!