Adinekoentzako lau ibilbide antolatu dituzte irailaren 27an, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira

Joseba Derteano 2019ko ira. 18a, 14:38
Bizidun elkarteko, eskualdeko nagusien elkarteetako, Durangoko Udaleko eta Amankomunazgoko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan.

Durangaldeko hainbat herritatik abiatu eta Abadiñoko Gaztelua auzoan elkartuko dira, Traña-Matienara arteko azken kilometroak elkarrekin egiteko.

Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren –urriak 1— harira hainbat ekintza antolatu dituzte Bizidun Nagusien Elkarteak, Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoak eta Durangoko Udalak elkarlanean —herrietako nagusien elkarteen laguntzarekin— eta euren berri eman dute gaur.

Ekimen nagusia irailaren 27an izango da. Luzera desberdinetako lau ibilbide prestatu dituzte; luzeenak 14 kilometro ditu eta laburrenak kilometro bat pasatxo. Modu horretara, ahalik adineko gehienei parte hartzeko aukera eskaini gura izan diete, Bizigune elkarteko Koldo Goikoleak azaldu duenez.

Ibilbide bakoitza Durangaldeko hainbat herritatik abiatuko da eta Abadiñoko Gaztelua auzora heltzen direnean denek bat egingo dute. “Modu horretara batasunak indartzen gaituela adierazi gura dugu”, azaldu du Goikoleak. Traña-Matienako plazan amaituko da ibilbidea.

Izen-ematea irailaren 24ra arte

Ibilaldietan parte hartzeko izen-ematea irailaren 24an amaituko da. Hainbat tokitan egin daiteke: herri bakoitzeko nagusien elkarteetan, Durangoko Adinekoen Udal Egoitzan (adintek@durango.eus) eta Amankomunazgoko Adinekoen Zerbitzuan (terceraedad.mdurango@bizkaia.org).

Hitzaldia irailaren 30ean

Bigarren ekintza nagusia irailaren 30ean izango da. Deustuko Unibertsitateko psikologia irakasle batek La soledad: algo más que vivir sin compañía izeneko hitzaldia eskainiko du Jesuitak Ikastetxeko Arrupe Aretoan. Hitzaldia 18:00etan hasiko da.

IBILBIDE LABURRENA (1.3 KILOMETRO)

- Elkargunea: Matienako Nagusien Zentroa.
- Irteera ordua: 11:30.

IBILBIDE LABURRA (2 eta 3,5 kilometro artean)

Irteera orduak:
- Durangoko Andra Marin, 11:00etan.
- Zelaietan, San Trokazeko lokalean, 11:15ean.
- Traña-Matienako Nagusien zentroan, 11:20an.

IBILBIDE ERTAINAK (7 eta 9 kilometro artean)

Irteera orduak:
- Durangoko Andra Marin, 10:00etan.
- Zelaietan, San Trokazeko lokalean, 10:15ean.
- Traña-Matienako Nagusien Zentroan,  10:20an.

IBILBIDE LUZEAK (12 eta 14.5 kilometro artekoak)

Irteera orduak:
- Garaiko udaletxetik, 08:20an.
- Durango eta Iurreta, Andra Maritik, 08:50ean.
- Traña-Matienako Nagusien Zentroan, 09:05ean.
- Atxondoko udaletxean, 09:45ean.
- Elorrioko plazatik, 09:00etan.
- Zaldibarko udaletxean, 09.00etan.
- Berrizko probalekuan, 09:35ean.
- Zelaietako San Trokaz lokalean, 09:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!