"Maider diziplinatua eta oso konstantea da; hori funtsezkoa da maila hobetzeko"

Joseba Derteano 2019ko ira. 7a, 11:00

Orain hiru urte, Maider Ramos triatloien munduan murgildu zen, aurretik batere esperientziarik izan barik. Abentura exigente horretarako, triatloietan esperientzia handia duen Gorka Bizkarraren laguntza bilatu zuen. Harrezkero, Ramosek asko ikasi du, eta bere lehenengo Ironman erdia amaitu du oraintsu.

Maider, sekula ere ez dela berandu diotenei arrazoia eman diezu.
Maider Ramos: Bai, ezta? Hiru urte nituenetik unibertsitatean hasi arte, gimnastika erritmikoan aritu nintzen, Uztai taldean. Utzi egin nuen, denbora faltagatik. Orduko nire mutil-laguna triatloietan zebilen, jakin-mina eragin zidan eta probatzea erabaki nuen.

Erronkak ez zintuen kokildu.
M.R.: Tira, hasieran, triatloien munduan sartzean, zoro puntu bat ikusi nion neure buruari. Kontuan hartu bizikletan ibili bakoa nintzela, eta igeri egitean justu-justuan nekien burua uretan sartzen.    

Eta entrenatzaile bat topatzea pentsatu zenuen.
M.R.: Ordu askoan entrenatzen nintzen, eta barikua heltzen zenean ez nuen ezertarako ere indarrik.  Plangintza bat behar nuela ikusi eta Gorkarengana jo nuen.

Gustura zabiltza beragaz?
M.R.: Oso gustura. Konfiantza dugu, edozer galdetu deizaioket eta horrek asko laguntzen du.

Gorka, zu gustura zabiltza Maiderregaz?
Gorka Bizkarra: Entrenamendu bakoitzean ehuneko ehun baino gehiago ematen du eta kasu egiten dio nik esandakoari. Diziplinatua eta oso konstantea da. Hori funtsezkoa da maila hobetzeko. Emaitzek Maiderrek izan duen progresioa islatzen dute.

Ekain amaierako Gernikako proba da horren adibide?
M.R.: Ironman erdiko distantzia amaitzen nuen lehenengo proba izan zen. Hiru diziplinetan sentsazio onak izanda helmuga zeharkatzea hunkigarria izan zen.

Gorka, zuretzat ere proba berezia izan zen, ezta?
G.B.: Bai, apirilean izan nuen istripuaren ondoren amaitu nuen lehenengo lasterketa izan zen. Ilusio handia egin zidan.

Kontaguzu istripua zelan gertatu zen eta zer ondorio eragin zizkizun.
G.B.: Gasteizen entrenatzen nenbilen, bizikletan. Kotxe batek ikusi ez eta aurrean eraman ninduen. Zorionez, ez nuen ezer apurtu. Txagorritxuko ospitalean hiru egun eman nituen. Hile bian korrika egin barik egon nintzen.

Horrelako gertaerek bizitzarekiko ikusmoldea aldatzen dute?
G.B.: Begira, ospitalean egon nintzenean, bizitzan lehenengoz pentsatu nuen ez nintzela berriro bizikletan ibiliko. Baina ezin naiz bizikletan ibili barik bizi! Hori bai, irteten naizenean urduriago nabil orain, batez ere bidegurutzeetan.

Joan zen asteburuan, laugarren amaitu zenuen Balaguerreko triatloian, Ironman erdiko distantzian.
G.B.: Oso pozik nago emaitzagaz. Bizikletan lehenengo postua hartu eta 45. kilometroraino bakarrik joan nintzen. Atzera begiratu, eta une batez ez nuen inor ere ikusten! Baina, gero, bik harrapatu ninduten, eta ni baino hobeto zihoazen.

Zure ibilbidean lorpen garrantzitsuak eskuratu dituzu goi mailako taldeetan: Saltoki Trikideak, Triatlon Santander eta ANB Triatlon. Hori guztia bizi eta gero, zeure azken etapa bizitzera itzuli zara etxera?
G.B.: Bai, hala da. Nire ibilbidean talde indartsuetan egoteko zortea izan dut, eta taldeka Espainiako txapelketak irabazi ditut eurekin. Baina, maila horretan, presioa egoten da emaitzak lortzeko, eta, gainera, sarritan besteek erabakita parte hartu behar da lasterketetan. Dagoeneko ez nituen 23 urte, eta beste era batera gozatu gura nuen mundu honetaz. Presio hori barik aritu gura nuen. Indarpak kirol klubak horretarako aukera eman dit eta pozarren nabil.

Bizkaian indartsu zabiltzate.
G.B.: Gizonezkoen triatloian 25 urtetik 36 bat urtera artekoak gaude, batez ere. Hainbat podium lortu ditugu taldeka.
M.R.: Orain arte neu nintzen emakume bakarra, baina aurten beste bi batu dira: Iraia Liendo eta Uxuri Agirreazaldegi. 2015ean Indarpak sortu zenetik hona, jendea batzen joan da. Talde polita dugula uste dut. Gaur egun, 24 bat gaude.
M.R.: Ez da triatloira mugatzen bakarrik. Batzuek BTT probak egiten dituzte mendi bizikletan, edo korrika aritzen dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!