Uztailean eta abuztuan 16 salaketa ipini dituzte Durangaldean etxebizitzetan lapurretan egiteagatik

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 2a, 11:32

Herritarrak oporretan egon bitartean, lapurrak beharrean aritu dira. Uztailean eta abuztuan, gutxienez hamasei salaketa ipini dituzte Durangaldean, etxebizitzetan lapurretan egitera sartzeagatik edo lapurretan egiten ahalegintzeagatik. 

Zortzi izan dira uztailean erregistratutako salaketak, eta beste horrenbeste abuztuan. Uztailean hiru ipini dituzte Zornotzan, bi Durangon, bi Abadiñon eta bakarra Iurretan. Abuztuan salaketa bana ipini dute Zornotzan, Durangon eta Zaldibarren. Abadiñon, ostera, bost erregistratu dira. Azken herri honetako bost salaketak "egun berean" ipini dituztela eta atari guztietan "itsasgarri arrastoak" agertu direla jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ANBOTOri.

Horixe izan da, hain zuzen ere, zenbait lapurrek etxebizitzetara sartu ahal izateko baliatu duten modua: itsasgarri apur bategaz hari formako seinale bat egitea. Atea eta atearen markoa lotu izan dute lapurrek itsasgarri hariagaz. Arrastoa ipini eta denbora batera haria etenda agertu izan denean, etxean bizilagunen bat ibili dela jakin izan dute lapurrek. Baina haria eten barik egon izan denean, etxean inor egon ez dela ondorioztatu eta barrura sartu izan dira.

Bitxiak eta dirua
Lapurrek, gehienetan, "bitxiak eta dirua" eraman dutela jakinarazi du Segurtasun Sailak. "Batzuetan, baita ordenagailu eramangarriak, telebistak eta etxetresna elektrikoak ere", gaineratu du. Edozelan ere, ez da bizilagunen kontrako erasorik gertatu. Etxebizitzako atean itsasgarri arrastoak aurkituz gero, 112ra deitzeko gomendatu du Segurtasun Sailak.

___________________________________________________________________________________________________________________________

"Konturatu nintzen gure etxebizitza blokeko ate guztiak itsasgarriagaz markatuta zeudela"

Abadiñoko Muntsaratz auzoa izan da, besteak beste, lapurrek begiz jota eduki duten lekuetako bat. Bertako bizilagun batek itsasgarri arrastoak antzeman zituen abuztu hasieran, eta Ertzaintzari abisua ematea erabaki zuen. ANBOTO bizilagunagaz harremanetan ipini da eta bere testigantza kontatu dio (bizilagunak gurago izan du bere nortasuna ezkutuan mantendu): "Abuztuaren lehenengo astea zen. Kanpoan egun batzuk pasatu eta gero, etxera itzuli nintzen. Sare sozialetan ikusi nuen oharrak egiten ari zirela, itsasgarri arrastoak zirela eta. Nire etxeko atea behatzea erabaki nuen. Itsasgarri arrastoa zuen. Gainerako bizilagunen ateak ikuskatzea erabaki nuen gero. Konturatu nintzen gure etxebizitza blokeko ate guztiak zeudela markatuta, 22 guztira. Ertzaintzara jo eta abisua eman nuen. Bizilagunei eta lagunei idatzi nien gero", azaldu du auzotarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!