Athleticen ekipazioak banatu eta proiektu solidarioak gauzatu ditu La Otra Miradak Senegalen

Joseba Derteano 2019ko abu. 29a, 13:00

La Otra Mirada elkarteak hainbat elkartasun proiektu ditu Senegalen, hangoen bizitza kalitatea hobetzeko. Aurreko urteetan egin moduan, hainbat kidek han eman dute abuztua eta ez dira esku hutsik joan. Besteak beste, Athleticek emandako kamisetak eta baloiak eraman dituzte hangoen artean banatzeko.

Enpresek eta norbanakoek dohaintzan emandako gauza gehiago ere eraman dute. Tartean, Iurretako futbol klubak emandako kirol materiala.

Senegalen emandako denboran, ordea, hango proiektuei bultzada bat ematea izan da helburu nagusia. Esaterako, Nayabe herriko eskolaren erreforma amaitu dute, hango Anda Bolo Defar Nayobe elkartearen laguntzarekin. Goiar Sarrr izeneko eremuan, aldiz, josketa tailer bat muntatu dute, emakumeen ahalduntzearen bidean urratsak emateko helburuz. Azkenik, Sare Nague-en maternitate gune bat egiteko lanak hasi dituzte.

La Otra Mirada elkartea 2011n sortu zuten Zornotzan eta harrezkero hainbat proiektu solidario jarri ditu martxan Euskal Herrian zein nazioartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!