"Gurasoen aldetik gero eta kezka handiagoa ikusten da eskoletan, baina jantokietan ez da aurrerapausorik egon"

Markel Onaindia 2019ko uzt. 23a, 09:00

Berton Bertokoa elkarteko kideek ez dute ondo ikusten Jaurlaritzaren lege aldaketa, eta sukaldeen gaian ere notiziarik barik segitzen dutela esan dute.

Hiru ikasturtean lan handia egin eta gero, hazia erein baina fruiturik ikusi ez duenaren sentsazioagaz mintzo dira Berton Bertokoako kideak. "Gurasoen aldetik gero eta kezka handiagoa ikusten da eskoletan, baina jantokietan ez da aurrerapausorik egon", azaldu du Isa Gonzalez Zabalarrako gurasoak. Atxondoko Urkiol Arkarazok dio hauteskunde aurretik "alderdi denak alde" agertu zirela, baina  "oztopoak" ageri direla aurrera egiteko. Hala ere, hamabi ikastetxe publikotan batutako indarragaz, bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzearen aldeko borrokan jarraituko dute.  Aurten ere ekintza ugari egin dituzte: ekoizleei bisitak, bertako produktuen askariak, sentsibilizaziorako flashmoba...

Produktuen filosofiatik aparte, ez daude gustura catering enpresen zerbitzuagaz. "Mallabitik inzidentzia eta kexa pilo bat bidali ditugu, baina ez dute ezer ere egiten", esan du Ainhoa Mallabiabarrenak. Bere ustez, "negozio interesak" daude atzean. Jaurlaritzak eginiko aldaketa bati eskerrak, datorren ikasturtetik aurrera guraso elkarteek kudeatu ahalko dituzte jantokiak. Besteak beste, langileak kontratatzeaz, elikagaiak lortzeaz eta segurtasunaz arduratu beharko lirateke. Baina Berton Bertokoako kideak ez daude ados formula horregaz, eta ez dute pauso hori emango. Ez dute ondo ikusten ardura osoa gurasoen eskuetan uztea, eta Hezkuntza Sailak gestionatu beharko lukeela uste dute.

Sukaldeen berririk ez

Beste gatazka puntu bat sukaldeena da; eskualdeko lau ikastetxetan ez dute sukalderik. Zornotzan, adibidez, sukaldea ipintzea eskatu dute oraintsu, eta erantzunaren zain daude. Durangon, Zabalarra eskola da sukalderik bako bakarra, Izaskun Duñabeitia zuzendariak kontatzen duenez: "Martxoan Hezkuntza Sailekoekin egon ginen, eta konpromisoa hartu zuten eskolak ikustera etortzeko, baina ez da inor agertu. Ekainean deitu genuen, eta oso lanpetuta daudela izan zen euren erantzuna. Berbak, batzuetan, haizeak eramaten ditu". Jaurlaritzak sukaldeak ipintzeko daukan planeko hamar ikastetxetatik lau dira Durangaldekoak, eta, Alex Azpiri atxondarraren ustez, hemen eginiko lanaren erakusle da datua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!