Zornotzako Barnetegian 101 lagun dabiltza euskara ikasten eta praktikatzen

Markel Onaindia 2019ko uzt. 12a, 10:44

Uda sasoi egokia izan daiteke euskararen ezagutza hobetzeko. Klase intentsiboak, irteerak, barnetegietan egonaldiak... Aukera horietako bat da Zornotzako Barnetegikoa. Uneotan, Euskal Herriko zein atzerriko 101 ikasle dabiltza ikasten eta praktikatzen. Udan zehar ikasle ugari pasatuko dira, eta hamabostaldiro kopurua aldatzen joango da. 

Mailaren arabera antolatzen dituzte ikastaroak. Egunean sei bat ordu klaseetan ematen dituzte, eta tarteetan ere euskaraz berba egiteko aprobetxatzen dute. "Jendeak asko baloratzen du bere mailako ikasleekin praktikatu ahal izatea, ze maila altuagokoekin kosta egiten zaie", azaldu du Beñat Romero irakasle eta kanpo ekintzen arduradunak. Klasetik aparteko ekintza horietan, besteak beste, kultur sortzaileak ekartzen saiatzen dira. Eneko Sagardoy aktoreak, Miren Amuriza bertsolariak, Gatibuko Jon Fresko bateria-jotzaileak eta Edorta Jimenez idazleak bisitatu dituzte aurten, adibidez. Bestalde, Zornotzako herria eta auzoak erakusten dizkiete ikasleei irteeretan. "Etxean bezala sentitu daitezen ahalegintzen gara", dio Romerok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!