Agus Ruiz: "Ez naiz ni telefonoa hartu behar duena inori deitzeko"

Joseba Derteano 2019ko uzt. 6a, 10:55

Emakumeen Biraren etorkizuna kolokan dago. Ez da egoera horretan dagoen lehenengo aldia, baina oraingo hordagoak behin betikoa dirudi. Probako antolatzaile nagusia den Agus Ruizek ez du Bira nazioarteko egutegian inskribatu. Honek ondorio garbi bat du: 2020an, antolatzen bada, ez da Women World Tourreko parte izango, 2018an eta 2019an ez bezala.

Beste kategoria baxuago batzuetan aukerak sortu daitezke, baina gaur egungo baldintzetan Ruiz ez dago aurrera jarraitzeko prest, eta argi du pilota ez dagoela bere teilatuan. "Ez naiz ni telefonoa hartu behar duena inori deitzeko. Nekatuta nago. Nik Bira antolatzen jarraitu dezadan, deitu egin beharko didate, eta gauza batzuk bermatu", adierazi du.

Batez ere, Eusko Jaurlaritzagaz dago haserre, harek Birari ematen dion diru-laguntza kopurua dela-eta. "Diru-laguntzak emateko orain arteko irizpideekin jarraitzen badu, 2020an ez da Birarik egongo". Orain arte, 8.000 euroko laguntza jaso izan dute Jaurlaritzatik, eta 21.000 eurokoa Bizkaiko Aldunditik. "Jaurlaritza Aldundiko kopuruaren erdira ere ez heltzea lotsagarria da. Gutxienez, Aldundiak ematen duenaren bikoitza eman behar luke", adierazi du Ruizek. 

Iaz Jaurlaritzagaz izandako batzarretan gauza batzuk promestu zizkiotela, baina gero ez direla bete salatu du. "Ahoz esaten dute, baina gero ez dut hori gauzatuta ikusten", adierazi du. 

Bere 32 urteetan, Emakumeen Bira Iurretan hasi da, bertako elkarte batek antolatuta. Ildo horretatik, Bira berriro ez antolatzea "penaz" hartuko luke Iñaki Totorikaguena alkateak. "Urterik urtera asko hazi da eta, zenbat eta handiagoa bihurtu, orduan eta diru gehiago behar da horri eusteko. Beharbada faltan ikusten da erakundeen inplikazio hori", adierazi du. Bizkaia-Durangoko Agurtzane Elorriagak ere ez du Birarik bako egutegirik gura. "Pena litzateke diru kontuengatik Bira gehiago ez antolatzea", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!