Alex Txikon alpinista omenduko dute Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailean

Joseba Derteano 2019ko uzt. 2a, 15:02

Aurtengo bigarren aldia irailaren 13tik 15era izango da. 200 kilometroko ibilbidean Oiz mendia eta eskualdeko hainbat herri igaroko dituzte.

Gaur Bilbon eskainitako prentsaurrekoan lasterketari buruzko xehetasun guztiak eskaini dituzte. Aurten, berrikuntza moduan, mendia eta mendizaletasuna sustatzen duten bizkaitarrak omentzen hasiko dira. Omenaldi honen lehen protagonista Alex Txikon alpinista lemoarra izango dela jakinarazi dute.

Proba nagusiak 200 kilometro

200 kilometroko luzera eta 22.000 metroko desnibel metatua dituen ultra traila Gernikan hasi eta amaituko da. Parte hartzaileek Bizkaiko bost deiadar mendiak igoko dituzte, tartean, Oiz mendia. Ibilbidean zehar Abadiño, Mañaria eta Berrizeko lurretatik ibiliko dira eta hornidura puntu bat Gerediagako ermitaren parean egongo da.

100 eta 42 kilometroko probak

Lasterketa nagusiak duen exigentzia maila handiaren jakitun, proba laburrago bi ere antolatuko dituzte. Deiadar Ultrak 100 kilometro eta 10.600 metroko desnibel metatua izango ditu. Oiz menditik eta Durangaldeko hainbat herritatik igaroko da. Alex Txikon aurtengo omenduak lasterketa honetan parte hartuko du. Deiadar maratoiak, berriz, 42 kilometro izango ditu, 4.400ko desnibelarekin.

Azkenik, lasterketen osagarri moduan, bost deiadar mendiak igotzeko mendi martxak antolatuko dituzte. Martxa hauen helmugek lehenengo korrikalarien igarotze momentuarekin bat egingo dute.

Izen-emateak abuztuaren erdira arte egongo dira zabalik www.bocinerosxtreme.com webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!