Jon Agirrek taldea utziko du gaurko kontzertuaren ondoren. Taldekideek ez dakite zer gertatuko den etorkizunean. "Agirrek taldea uzteak aldaketa handia suposatzen du; hutsune handia utziko du pertsonalki zein musikalki. Ez dugu inongo presiorik, eta lasai hartuko ditugu erabakiak", adierazi dute taldekoek.
Agirreren agurra izateaz gainera, kontzertu berezia izango da barikukoa, izan ere, lehenengoz joko du Nevadah-k Plateruenean. Horrez gainera, sorpresak egongo direla aurreratu dute. "Durangon jo izan dugunetan harrera oso ona izan dugu. Beti alboan izan ditugun jarraitzaileak bertan egongo dira, eta, beraz, giroa ziurtaturik egongo da", esan dute. Azken hileetan izan ditugun gorabeherak gainditzeko aukera ona ere izango da; bost kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzte.
Elkartasunezko festa
Jaiaren testuingurua aparta izango da, Aspanovas elkartearentzat izango baita lorturiko diru guztia. Plateruenean egingo den festan Parabellum eta Puro Chile taldeek joko dute Nevadahgaz batera. "Batzen den dirua haurren minbiziari aurre egiteko da. Hortaz, helburua ere polita da," argitu gura izan dute.