Bederatzi ikerketa lan eta erreportajeek Durangaldeko historian sakontzea dute helburu, eta besteak beste, Iurretako kofradiei, Bartolome Ertzilla edota Durangoko arte garaikideari buruzko lanak bildu ditu Gerediagak ale berri honetarako. "Ikuspegi pausotuago batetik eskualdearen historia, gaurkotasuna eta ondarea ezagutzera ematen du argitalpenak" azaldu dute Gerediagatik.
Orain arteko aleak www.gerediaga.eus webgunean daude irakurgai.
Martzaatarren leinua ezagutzeko
Bestalde, ekainaren 30ean bisita gidatua antolatu du Gerediagak Atxondon, Martzaatarren leinuaren historia ezagutzeko. 11:30ean izango da bisita. Oinez egingo den ibilbidean zehar Martzaa auzoari buruzko azalpenak jasoko dira, eta ostean, San Martin eliza bisitatuko da. Guztira ordu eta erdiko bisita izango da, gazteleraz.