“Odol emaileen %5eko beheraldia izan dugu Durangaldean”

Markel Onaindia 2019ko eka. 7a, 09:15

Bizkaiko Emaileen Elkarteko presidentea da Anton Cabo, eta Usansoloko ospitalean Osakidetzak duen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lan egiten du. Odol emaileen kopurua beherantz doala-eta, kezka agertu gura izan du. Odola emateak gure eguneroko osasun sisteman duen garrantzia azpimarratu eta deialdia egin du emaile berriak egiteko. Euskal Herrian hain errotua dagoen elkartasuna indartzeko beharrizana ikusten du, gure ereduari eutsi eta industria farmazeutikoaren menpeko ez bihurtzeko. Ekainaren 15ean berbaldia eskainiko du Elorrion, Aldatsekuan, 12:00etan, bertako elkartekoek antolatuta.

Odol emaileak behar direla diozue. Zer gertatzen ari da?
Emaileen beheraldia izan dugu nazioartean. Ez da hemengo kontua bakarrik; Europan eta herrialde garatuetan gertatzen den zerbait da. Zerikusi handia du demografiagaz, eta baita krisiagaz ere. Bestalde, bizi ohituren aldaketa ere igarri da. Gure belaunaldia eta gaur egungo gazteena ez dira berdin bizi. Ni, 23 urtegaz, lanean nenbilen jada, eta nire alabek, 26 urtegaz, ikasten jarraitzen dute edo aldi baterako lana dute. Gazteen artean dagoen ezegonkortasun handi horrek eragin egiten du emaile izateko. Leku finko batean bizi bazara, lan finkoa baduzu, bizitza egonkorra baduzu, errazagoa da emailetza zure bizimoduan txertatzea. Baina Bartzelonara joatekoa bazara edo bikotekidea Beiruten topatzen baduzu, behin emango duzu odola, eta gero ohitura galduko duzu. Kontua ez da jendea solidarioa ez denik; unibertsitateetara joaten garenean, beti bezala erantzuten dute, ondo.

Zenbat bajatu da emaileen tasa?
Erkidegoan %5eko beheraldia izan dugu gutxi gorabehera, eta baita Durangaldean ere. Durangon, adibidez, %3 bat bajatu da, baina bertako fabrika eta gune batzuetan, kasik %7. Hirietan beheraldi handiagoa izan ohi da, baina Atxondoren moduko herri txikietan, ez hainbeste, pertsonalagoa delako. Sare sozialetako mezuak ondo daude, baina, azkenean, gertuko hartu-emana da jendea mugitzen duena. 

Beraz, beheraldiari aurre egiteko, emaile berrien beharrizana dago.
Bai. Gainera, etorkizunera begirako plan bat osatzen gabiltza eta, horretarako, emaile gehiago behar ditugu. Izan ere, plasmatik datozen produktuetan industria farmazeutikoaren menpekotasuna dugu. Galdakaoko zentroan, badugu jadanik produktu horiek prozesatzeko moduko teknologia, eta 2.000 bat emaile lortu gura ditugu. Plasma emaile horiekin ez genuke industriaren beharrik izango, gure sistema publikoan geratuko litzatekeen diru pilo bat aurreztuko genuke, eta seguruagoa izango litzateke, altruista den emailearen kontrol maila ezagutzen dugulako. 

Atzerrian ordaindu egiten dute donazioagatik?
Bai. Mexikon erosten duzunean, donazioa 30 peso ordaintzen dute, AEBetan 42 dolar, Ingalaterran 15 bat libra... Grifols enpresa amerikarrak ospitale moduko eraikin erraldoi bat dauka, lau egunetik behin plasma ematera doazen emaile profesionalentzako esku-oheekin. Horrek esan gura du han odola ematera doana ez dela hemengoa bezalakoa. Hemen, normalean, emailea pertsona orekatua da, bizitza ordenatua egiten du, kirola praktikatzen du, bizitza osasuntsua darama eta arduratsua da. Parranda egin badu, ez da odola ematera etorriko. Emandakoa kalitate handikoa izatearen bermea ematen dizu horrek guztiak, eta komunitateari arreta emateko filosofia dago atzean.

Beheraldia egon arren, Euskal Herria oso solidarioa dela entzun izan dut beti.  
Kalean edozeini ea odola ematen duen galdetzen badiozu, baietz erantzungo dizu, edo, bestela, "ez, baina..." motako esaldi bat botako dizu. Aitzakia eman behar horrek esan gura du eskema solidarioa instalatuta dagoela gizarte honetan. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 50.000 emaile ditugu, eta bikoitza edukitzea litzateke ideala. 50.000 emaileekin, bagabiltza beharrizanak kubritzen, baina, kopurua handitu ezik, daudenak nekatzeko arriskua dago. Egunero 450 odol unitate behar ditugu, eta geratzen ez den gurpil bat da. Erkidegoan batzen den odol guztia Galdakaora ekartzen dugu. Horregaz, ospitaleen eskariak betetzen ditugu, baita klinika pribatuenak ere. Hemen, odolaren gestioa gure bitartez egiten da, kontrolatuta izaten dugulako eta erabilera arrazionala ematen diogulako. Guk badakigu ospitale bakoitzak ze kantitate daukan hozkailuetan biltegiratuta, eta, beraz, euren eskari bat datorrenean, horren arabera ematen diegu. Bidean ez da odolik alperrik galtzen.  

Zein modutan erabiltzen da herritarrek emandako odol hori?
Odola hirutan banatzen dugu:  hematieak, plasma eta plaketak. Hematieak odol asko behar den ebakuntzetan eta istripuen ostean erabiltzen dira, adibidez; plaketak, kartzinoma bat duten pertsonengan; plasma, deribatuak egiteko. Denok erabiliko dugu noizbait deribatu hematiko bat, eta hirutik batek beste bietako bat erabiliko du bere bizitzan zehar. Beraz, osasun sistemak produktu hauekiko duen menpekotasuna hil ala bizikoa da. Ebakuntzen %80tan odola behar izaten da. Mokorraren ebakuntzarako, lau poltsako erreserba kontuan hartzen da, esaterako, eta transplante hepatiko baterako, 30. Gibel bat ematea ondo dago, baina 30 odol donazio jasota egon behar dira horren aurretik. Sarritan ahaztu egiten zaigu, baina beste donazioen aurretik egon behar du odolarenak.

Galdakaon duzuen zentroan, ez duzue odola bakarrik tratatzen.
Gure zentroan, era guztietako gaiekin lan egiten dugu; gure bankuan, azalak, hezurrak, zilbor-hesteak, esnea... ditugu. Ikerketako taldeak ere baditugu, nazioartean punta-puntakoak direnak eta beste herrialde batzuekin elkarlanean ari direnak. Unibertsitateekin ere lankidetzak ditugu ikerketa eta garapenean. Honetarako guztirako, beharrezkoa da emailetzak egotea. 

Gizarte aldaketek eragiten al dute emaileen ezaugarrietan?
Gure gizartera heldu diren etnia guztiak kontuan hartu eta arraza horien hemateka bat egiten joan beharko dugu. Izan ere, odol banku bat efektiboa izateko, bere komunitatearen ispilu izan behar du. Odol taldeen aldaera ugari egoten dira: talde arraroak dituen jendea, antigorputz irregularrak dituena eta bateragarritasun gutxi dutena... Atzerritik datozen etnia desberdin horiek konbinazio aberastasuna dakarte, eta bestela topatzea zaila izan daitekeen odol mota bat eduki dezakete, hemengo pertsona batek beharrezko izan ahal duen odol konplexu bat. Aberastasun horrek aukera terapeutikoak handitzea dakar.  

Odola eman gura duenak nora jo dezake? 
Durangoko anbulatorio zaharrean eguenero egoten gara, 16:30etik 21:00etara bitartean. Beste herrien kasuan, txandakatu egiten dugu, eta herrietan ipintzen dute odola ateratzeko egunari buruzko informazioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!