Oier Sanjurjo Nafarroako Ttapen lehenengo edizioan

Jone Guenetxea 2019ko mai. 31a, 20:00

Android eta iOS sistema eragilea duten gailuetan eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta. Unai Iturriaga bertsolariaren elkarrizketa ere aste honetan Bizkaiko edizioan. 

Iruñerriko Euskalerria Irratia batu da Ttap aldizkari digitaleko taldera, eta, gaurtik hasita, hamabostean behin, Nafarroako edizioa argitaratuko dute elkarlanean; iraila ezkero, astero Gipuzkoan eta Bizkaian eskainitakoek oso harrera ona izan dute.

Ttap aldizkaria %100 digitala da, eta gailu mugikorretatik kontsumitzeko pentsatuta dago. Publiko urbanoari begira enfokatuta dago, eta helburua aldizkari osoa ordu laurden batean irakurri ahal izatea dela dio aldizkariko zuzendari Monika Belastegik: "Nahi duenari denbora gehiago pasatzeko aukera ere eskaintzen diogu multimedia gehigarrien bidez. Ttap aldizkaria, irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke; eduki multimedia eta interaktiboa dira haren izaeraren ezaugarri nagusiak".

Irailetik jaitsi daitezke, doan, Gipuzkoako eta Bizkaiko edizioak; bakoitzeko 34 zenbaki argitaratu dira asteroko maiztasunarekin; aurrerantzean, Nafarroako gaiak eta pertsonaiak izango dira edizio berrian.

Nafarroan gaur lehena

Gipuzkoako eta Bizkaiko edizioetan moduan, bertako kolaboratzaileek eta iritzi emaileek dute protagonismoa; eta horien artean daude: Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak. Estreinakoan, Anabel Arraizak Osasunako kapitain Oier Sanjurjori egindako elkarrizketa argitaratu da, –testuan, audioan eta bideoan–; horrez gainera, Oskia Ugarteren iritzi zutabea dago.

Edizioaren koordinazioa Juan Kruz Lakastak egingo du. Euskalerria Irratiko kazetariak aldizkariaren balio sinbolikoa azpimarratu du. "Euskarak Nafarroan izan duen trataera kontuan hartuta, Ttap bezalako euskarri berri eta berritzailea euskaratik eta euskaraz iristeak hainbat eta hainbat mito eta aurreiritzi deuseztatzeko. Aurrerapauso handia da, eta ilusio handiz egiten dugu".

Doan jaitsi

Durangaldeko Anboto-ren, Zumaiako Baleike-ren, Debagoieneko Goienaren eta Tokikom-en ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean, eta horiei guztiei batu zaie, orain, Iruñerriko Euskalerria Irratia.

Android eta iOS sistema eragilea duten gailuetan eskuratu daiteke, doako Ttapaplikazioa deskargatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!