Hauteskundeak

Amankomunazgoko agintea EAJren eskuetara pasa daiteke berriro ere

Markel Onaindia 2019ko mai. 27a, 10:48

Udal osaketaren arabera zehaztuko da, baina lehenengo kalkuluen arabera, gobernu aldaketa eman daiteke Amankomunazgoan. EAJk 13 jarleku lortuko lituzke, EH Bilduk 12, Abadiñoko Independenteek 1 eta Herriaren Eskubideak 1. [Ikus datuak: Hauteskundeen emaitzak]

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak gobernatu dute azken lau urteetan (13 eta 1 jarlekugaz), EAJk 11 zeuzkan, eta AIk 2. Justu zegoen lehia horretan, aldaketarako gako bat Atxondon dago, udalean ere irauli delako gobernua. Gauzak horrela, EAJk dauka berriro ere Durangaldeko mankomunitateko gobernua hartzeko aukera gehien; EH Bilduk Abadiñoko Independienteen eta Herriaren Eskubidearen babesa beharko luke.

Abadiñon egongo da giltza, independienteek erabakiko baitute nori eman udaleko agintea, eta Amankomunazgoagaz berdin.

EAJ irabazle Durangaldean, eta EH Bilduk ere gora
Amankomunazgoaz harago, eskualdean EAJ izan da garaile, EH Bildu baino 2.200 boto gehiagogaz. EAJk bezala, hala ere, EH Bilduk 1.100 boto gora egin du. Herriaren Eskubidea da hirugarren indarra, eta PSE-EE laugarrena. PP izan da botoak galdu dituen alderdi orokor bakarra. AIk eta Garaiko Herriko Taldeak ere botoak galdu dituzte. Bestalde, VOX alderdi ultraeskuindarrak 111 boto jaso ditu bakarrik, Durangoko Udalerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!