Landako eta Muruetatorreko bizilagunekin eginiko hartuemanean, bestalde, TAO sistema euren auzoetara hedatzeko konpromisoa hartu du Mireia Elkoroiribe alkategaiak. Landako Gunea sustatzea eta bertako aparkalekua 24 ordutan zabalik egotea ere badira jeltzaleen ideiak.
Elorrioko EAJk Oidor-Berriozabalbeitia eta Pulla-Azkarreta guneak jarduera industrialerako berreskuratzea plazaratu du. Gainera, Argiñetan museo proiektua sortzearen alde agertu da. Udal funtzionamenduari dagokionez, agintea lortuz gero gardentasun estrategia bat martxan jarriko duela dio EAJk. Esaterako, partaidetza sustatzeaz aparte, gardentasun atari bat zabalduko duela dio.
Atxondon, herriko eskolara joateko eskailera mekanikoak ipiniko dituela promes egin du EAJk. Xabier Azkarate hautagaiak esan du "hurbileko gobernua" osatu gura dutela, eta Apatan arratoiak kentzeko zein kaleak garbitzeko lanak egingo dituztela.