Niaren inguruan gorpuzten dira antologia osatzen duten hamalau lanak, irakurketa ezberdina duten arren. "Niaren inguruko hausnarketa bere modura egiten du bakoitzak, eta horixe ikusten da bakoitzaren lanetan", esan du Egurenek. Ilustrazioak egin ditu berak. Amurizak, ostera, Eider Eibarren irudiei berbak jarri dizkie. Estiloari dagokionez, askotariko komikiak daude bertan: testudunak, irudi soilak, binetak, marrazki eta testu askokoak, gutxikoak... Tupust izeneko kolektiboa dago proiektu honen atzean. Komikigintzari buruzko gogoeta egitea zen helburua, eta horretarako hasi zen biltzen irudigile talde bat, 2016an. "Irudigilearen lana nahiko bakartia da berez, eta eredu horren inguruan ere hausnartu gura genuen", azaldu du Egurenek. Horrela, egileen arteko sare edo komunitate bat ere sustatu gura zuten.
Aurrerago, antologia Durangon bertan aurkezteko asmoa agertu du Egurenek, oraindik ere data jarri barik dagoen arren.