Durangaldean elikadura eta turismo iraunkorrak sustatzeko plan estrategikoak aurkeztu dituzte

Markel Onaindia 2019ko mar. 29a, 13:10

Urkiola Landa Garapen Alkartearen eskutik, Durangaldean elikadura eta turismo iraunkorrak sustatzeko plan estrategikoak aurkeztu zituzten, atzo, Berrizko Kultur Etxean. Gaindegia erakundeak, Elhuyar aholkularitzak eta Akimu enpresak lagundu dute planak osatzen, eta Sorland agentziak marka zein irudiak landu ditu. D letra izango da ikurra, eta Durangaldea, izaera lema erabiliko dute sustapenerako.

Mañariko alkate den Endika Jaiok egin zuen berba Urkiola Landa Garapen Alkartearen izenean, eta adierazi zuen diseinatu duten elikadura plana "aitzindaria" dela. Gaindegiko Imanol Esnaolak azaldu zuen elikadura kulturan eragitea izango dela lehenengo lan ardatza. Bere esanetan, sozializazioaz gain beharrezkoa izango da distribuzio sareak sortzea, eskoletara bertako produktuak eraman behar badira, adibidez. Lurrak ekoizpenerako gordetzea ere ildo bat izango da.

Turismoari dagokionez, Kati Simon alkarteko teknikariak esplikatu zuen Durangaldean helmuga turistikoa eraikitzea dela helburu nagusia, 2023 jomuga hartuta. "Kalitatezko turismoa" sustatuko dute, 29 ekintzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!