“Dinamika hau 40 urteko ibilbidea berresteko aukera ere bada”

Aritz Maldonado 2019ko mar. 18a, 10:00

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek 'Bulkada berrien garaia da' dinamika jarri zuten martxan udazkenean, Jarrairen sorreraren 40. urteurrena gogoratu eta hainbat belaunalditako kideen harremanak estutzeko. Maite Barreña Oceja (Durango, 1968) eta Pello Zabarte Narbaiza (Zaldibar, 1997) belaunaldi horietako bi dira.

Zein da dinamikaren funtsa?
Pello Zabarte: Gazte antolakundearen sorreraren 40. urteurrena denez, ikasturte osoko dinamika jarri dugu martxan. Irailean, 1.000 militante eta militante ohik agerraldia egin genuen Leitzan (Nafarroan), dinamikari hasiera emateko. Durangaldean eta Euskal Herri osoan hainbat ekimen egin dira, gazte militanteek jasandako errepresioa gogoratzeko. Memoria Astea edo belaunaldi guztien harremanak estutzeko bazkariak, besteak beste.

Harremantze hori garrantzitsua izango da lotura mantentzeko.
Maite Barreña: Militantziaren edo aktibismoaren ibilbide bat aztertu, gogoratu eta pertsonoi zelako eragina suposatu digun ikustea da egiten dena. 40 urteotan gauza asko gertatu dira eta belaunaldi bakoitzak bere bizipenak ditu. Zenbait belaunalditako militante eta aktibistak hori konpartitzeko elkartzeak asko balio du. Nik aktibismoaren garrantzia azpimarratuko nuke, banakotasun horretatik kolektibora salto egiteak duen eragina ze inportantea izan zen orduan eta ze inportantea den orain. Aurrerapausoak kaletik datoz, ez instituzioetatik. Beraz, herritarrak antolatzen badira daude bizirik herriak. Horrela bizi izan nuen eta bizi dut nire militantzia, jendarte hobe baten aldeko apustu modura.
P.Z.: Lau hamarkadatan gauza asko aldatu dira, baina gazte antolakundearen helburuek berdinak izaten jarraitzen dute, eta, hori lortzeko, antolakuntza eta borroka dira oinarria gaur egun ere. Dinamika hau horren berrespen bat da.

Ekitaldi garrantzitsu bi egingo dituzue laster.
P.Z.: Dinamikaren mamia herrietan dago, eta hori lortzen ari da, bazkari, aurkezpen eta ekimenak eginez. Garrantzitsuena, baina, belaunaldi berriak gazte antolakundeari lotzea da. Mugarri bi ditugu hor. Bata martxoaren 23an Elorrion ospatuko den Bulkada Eguna, eta bestea Lemoako Gazte Topagunea, apirilean.
M.B.: Borroka liskarragaz lotzen da sarri, baina, urteotan, borrokatzeko modu desberdinak daudela ikusi da, eta borroka bera eskubideak lortzeko eta bermatzeko bide bat dela. Orain pentsiodunak egiten ari direna edo emakume feministok egiten ari garena borrokatzea da. Gazte antolakundeak erakutsi du kaleak aldarrikatzeko, proposamenak mahai gainean jartzeko eta defendatzeko espazioa direla, baina lortutako hori arriskuan egongo da beti, belaunaldi berriak horren alde borrokan ez badaude. Gaur egun berezkotzat hartzen diren gauzak borroka bat aktibatu ostean lortu dira; adibidez, derrigorrezko soldaduska kentzea. Horixe da gazte militantziaren gakoa, badagoela zer hobetu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!