Zeintzuk dira egiten dituzuen jarduerak?
Hiru multzotan banatu daiteke gure jarduera. Alde batetik, kontsulta zerbitzua eskaintzen dugu, presentziala, posta elektroniko edo telefono bidez. Bestetik, kaltetuen eta enpresen arteko bitartekaritza lanak egiten ditugu. Hirugarrenik, erreklamatua izan den enpresagaz akordioa lortu ez denean, egindako prozesuaren berri ematen dio KIUBek dagokion erakundeari, idatziz. Atal honi garrantzi handia eman dio KIUBek aurten, eta jarraipen berezia egin zaio.
Noren eskura daude zerbitzu hauek?
KIUBek Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Zaldibar eta Mañariko kontsumitzaile eta erabiltzaile guztiei eskaintzen die zerbitzua, euren zalantzak kontsumo zuzenbideagaz zerikusia badu eta eurak partikularrak badira.
Erreklamazio kopuruetan, zeintzuk dira sektore azpimarragarrienak?
Guztira, KIUBen 1.227 bitartekaritza egin dira, eta, erreklamazio kopuruagatik, telekomunikabideen sektorekoak izan dira erreklamaziorik gehienak. Arazorik ohikoenak fakturekin, konpainia batetik bestera aldatzeko egiten diren eskaeretan edo baja eskaeretan egoten dira.
Bankuen sektorean ere hainbat bitartekaritza egon dira, baina gutxiago, Hipoteka Eratze Gastuen erreklamazio kopurua jaitsi egin delako. Kexa edo erreklamaziorik gehien biltzen duen hirugarren sektorea hornikuntzena da. Ur horniduraren, gasaren eta argiaren inguruan egiten dira erreklamaziorik gehienak. Bidaia eta aseguruei buruzko erreklamazio ugari ere izan ditugu.
Jendeak ezagutzen du KIUBek eskaintzen duzuen zerbitzua?
Gero eta kontsumitzaile gehiago etortzen dira, eta gero eta kontsulta gehiago egiten ditugu. Gure ustez, eskaintzen dugun zerbitzua ona delako da hori. Egia esan, gero eta ezagunagoa da.
2018. urtean posta elektroniko bitartez egin diren kontsulten gorakada azpimarratzekoa iruditzen zaigu. Baita hitzordu eskarien gorakada ere. Orokorrean, administrazio publikoan gertatzen ari den bezala, herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte bide telematikoak harremanetarako.
Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?
Norabide bitan egiten dugu lan, eta beharrean jarraituko dugu ildo bietan hobetzeko. Alde batetik, gure zerbitzua zuzengarria da, konpondu egin gura baita. Bestetik, baina, prebentziozko zerbitzu bat ere bada, eta ildo horretan sakondu gura dugu. Aurten, kontratuak egin aurretik KIUBek egindako prebentzio lana azpimarratzekoa izan dela iruditzen zaigu, erreklamazio kopuru handia saihestu da eta.
