Saharako elikagaien kamioia 16 urtez gidatu izan duen Angel Alejori esker ona erakutsi diote

Anboto 2019ko ots. 27a, 19:15

Sahararen aldeko karabana solidarioaren aurkezpena egin dute gaur Durangoko elkartegian, Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarraren aldarrikapeneko 43. urtemuga egunean. 2003az geroztik kamioia eraman izan duen Angel Alejok azken aldia izango du aurtengoa, eta egindako lana eskertu gura izan diote antolatzaileek. Martxoaren 2an aterako da euskal karabanaren baitan Alacantera; handik itsasontziz Oraneraino (Aljeria), eta orduan Fronte Polisarioa egingo da kamioiaren kargu. Gero, Ilargi Erdi Gorri Sahararrak banatuko dizkie elikagaiak herritarrei.

Rio de Oro elkarteak eskualdeko elikagai bilketa antolatu du, eta Elorrion Lajwad elkarteak sustatu du. Aurten 14 tona janari batu dira Durangaldean, iaz baino 8 gehiago. Rio de Oroko Mikel del Arcok igoera hori nabarmendu du, eta uste du Durangaldeak Saharar herriarekiko duen elkartasuna erakusten duela. “Beste behin ere, Durangaldea solidarioa da sahararrekin”. Laguntza humanitarioaren beharraren oinarrian gatazka politikoa dagoela gogoratu du Mikel del Arcok.

Instituzioek emandako diru-laguntzagaz (32.700 euro) 13 tona elikagai erosi dituzte, eta herritarren artean batutako guztia ez da kamioian sartzen. Guztira 24 tona janari bidaliko dituzte, eta sobera geratu den zati bat JAED ongintza elkarteari emango diote. Beste zati bat eta arropa euskal karabanako beste kamioi baten eramango dituzte. Alejok gidatuko duen kamioian  konpresak ere sartu dituzte.

Produktuen zatietako bat ospitale baterako izango da, eta beste bat minek kaltetutako pertsonen zentrorako. Bestalde, Durangaldeko pertsona anonimo batek odol analisiak egiteko makina bat dohaintzan eman izana eskertu du Mikel del Arcok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!