Etxean energia aurrezten: norbere kabuz eman ahal diren pausoak

Markel Onaindia 2019ko urt. 31a, 14:30

Norberak bere etxean pauso batzuk eman ahal ditu energia murrizteko eta, era horretan, ingurumenak eta poltsikoak eskertuko dute. Berdeago Energy azokan, etxerako aparatu eta sistema jasangarriagoak ezagutu ahalko dira. Gainera, informazioa eta aholkuak emango dituzte berbaldien bidez.

Esaterako, eraikuntzan eraginkortasun energetikoa lortzeko irizpideak eskainiko ditu Energiaren Euskal Erakundeak (EVE), otsailaren 1ean. Egunerokoan ere hainbat pauso eman ahal dira energia aurrezteko. Hona hemen EVEk jasotako batzuk.

Etxebizitzaren isolamendua
Etxea erostean edo berriztean, kontuan izan diseinu on bategaz %70eraino aurreztu ahal dela. Beira bikoitza duten leihoak ipini.

Bero sistemak
Termostatoa 20 ºc-ko tenperaturan ipintzea da egokiena. Adi, ze, igotzen den gradu bakoitzeko, kontsumoak %7 egiten du gora. Gauez, sistema amatatzea edo 17 eta 19 gradu artera bajatzea komeni da.  Gela batzuetako erradiadoreetan balbula termostatikoak erabilita, %5 eta %10 artean aurreztu daiteke.

Ur beroaren kasuan, eguzki-energia termikoaren sistemagaz %60raino lortu ahal da energiaren kontsumoa gutxitzea.

Argia
LED teknologiadun argiek gehiago irauten dute eta %90 gutxiago kontsumitzen dute.

Sukaldea
Indukzio plakek %45erainoko energia aurrezten dute, bitrozeramikekin alderatuta. Labearen ordez mikrouhin-labea erabilita, %60 aurrezten da.

Telebista
Telebista amatatzean, deskonexio botoia sakatzea komeni da. Horrela, %15 murriztuko da kontsumoa.

Garbigailua
Arropa lehortzeko, hobe da garbigailuko zentrifugazioa erabiltzea lehorgailua baino. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!