GR-229 Mikeldi, 86 kilometrotan eskualdeko historia barneratzen duen zeru zabaleko museoa

Joseba Derteano 2019ko urt. 30a, 12:30

Durangaldea inguratzen duen GR-229 Mikeldi ibilbideak hamaika altxor gordetzen ditu bere 86 kilometroetan. Sarrerarik kobratzen ez duen zeru zabaleko museoa da, mendiko bizikletan zein mendiko botak jantzita eta bizkarrean ondo hornitutako motxila hartuta egin beharrekoa. Baina museoa zabalik mantenduko bada, etengabeko mantenu lana eskatzen du. Ildo horretatik, Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak lehiaketara atera du, beste behin, ibilbidea mantentzeko urtebeterako esleipena.

“Ibilbidea garbi mantentzea, seinaleak margotzea eta seinale bertikalen egoeraren berri ematea izango dira zereginetako batzuk”, azaldu du Juan Mari Totorikak, Urkiola Landa Garapenerako arduradunak.

Bost etapatan egitekoa
Ibilbidea 2005etik homologatuta dago eta bost etapatan banatu ohi da. Bidean dorretxeak, 100 urte baino gehiago duten baserriak, ermita historikoak, errota zaharrak eta askotariko burdinolak aurkituko ditu ibiltariak; baita naturagaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duten paisaiak ere: Urkiolako Parke Naturala bere biodibertsitate aberatsagaz, Oiz eta Anboto mendien magalak…

Durangoko Tabiran hasi eta Atxondon amaitzen da lehenengo etapa, Izurtza eta Mañaria zeharkatu, Urkiolara heldu aurretik Atxartera jaitsi eta Axpetik zein Arrazolatik igarota. Izurtzako Etxaburu dorretxea eta Abadiñon Larringango haize-errota dira ibiltariak bidean aurkituko dituen altxor historikoetako bi.

Bigarren etapa, Atxondotik Berrizera, laburrena da, 8 kilometrokoa, eta Garaira heltzen den hirugarrenagaz lotu daiteke, 25 bat kilometroko ibilbidea osatzeko guztira. Elorrioko Berriozabaleta auzoan dagoen estilo neoklasikoko iturria, Zaldibarko Garitaonandia dorretxea… Badago zertaz gozatu ibilbidean.

Laugarren etapa Zornotzara heltzen da. Sasoi batean Durangaldea kostaldeko portuekin lotzen zuen harbidetik zehar izango dira ibilbideko kilometro batzuk. Iurretan Laixiartik ere igaroko da ibiltaria, sasoi batean Iurretako kofradiak batzen ziren zelaitik.

Azken etapak Zornotzatik Durangora eramango du ibiltaria, hasierako puntura, bidean Belatxikieta gaina eta Iurretako Orozketa auzoak igarota. Helmugara heltzen denak ondo irabazita izango du freskagarria Durangoko edozein tabernatan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!