Vanesa Fernandez iurretarrak irabazi du JAEDen zozketa solidarioko autoa

Markel Onaindia 2019ko urt. 21a, 12:37

Zaer Motor kontzesionarioko Citroen etxeko autoa jaso du Fernandezek, JAED elkarteko kideen eskutik. Azken orduan erosi zituen parte hartzeko boletoak, baina hori ez da oztopo izan sari nagusia irabazteko. Lehen aldiz izan du zortea JAEDen ekimenean.

Fernandezek azaldu du ez dakiela ziur, baina seguruenik saldu egingo duela autoa, badaukalako beste bat etxean. Pozik agertu da giltzak emateko ekitaldian, eta zozketan egondako parte-hartze altua nabarmendu du. "Urtero parte hartzen dut zozketan, Durangaldeko herritarren gehiengoa bezala", esan du Zinebi zine jaialdiko zuzendaria denak, zozketak duen zabalpena erakusteko.

400 bat familiari laguntzeko
Izan ere, Fernandezek eta beste milaka lagunek JAED elkartearen ekinbide solidarioa lagundu dute  txartelak erosiz. Aurten 60.000 boleto saldu dituzte, eta diru kantitate garrantzitsua izango da elkartearen urteko lana finantzatzeko. Maria Eugenia Unzillak eta Eugenio Briñasek esan dute urtean zehar 400 bat familiari ematen dietela laguntza, jatekoa emanez eta bestelako beharrizanetan esku bat botatzen. Esaterako, pobrezia energetikoari aurre egiteko kanpaina bat ere garatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!