“AEBetan bira egitea amets bat betetzea bezalakoa izan da; sorreratik buruan eduki dugun ideia da”

Aritz Maldonado 2019ko urt. 18a, 14:00

Urte berezia izan da 2018a Wilsondarrentzat. 'Rage&Love Songs' lana kaleratzeaz gainera, taldearen sorleku izan zen AEBetan bira egin dute gabonetan. Egun, Aitor Mendilibarrek, Gorka Bidaurrazagak, Ibai Arrizabalagak, Iñaki Ugarteburuk eta Andoni Ormaetxeak osatzen dute egun The Wilsons.

Pozik biragaz?
Iñaki Ugarteburu: Sekulakoa izan da,  talde itzela elkartu garelako han, taldekideez gainera lagun askogaz bildu garelako.
Gorka Bidaurrazaga: Etxe bat errentan hartu genuen, eta hori izan da gure egoitza. Kontzertuetako hiru errenkadan jo genituen; Brooklyn auzoan, eta bestea, Manhattanen.
Aitor Mendilibar: Taldekideak etorri izan direnean, auzoan dagoen Sweatshop Studiosen entseatu izan dugu [bertan grabatu zuten Remember Times]. Gabonetako jai egunetan, ordea, itxita egon zen eta, ondorioz, egun bakarra genuen entseatzeko eta bira prestatzeko. Zorionez, Max lagunak bere taldearen lokalean entseatzen utzi zigun, bere taldekideei ezer esan barik izan bada ere. Maiatz aldetik elkarregaz jo barik egon arren, oso sentsazio onak eduki genituen.

Lehen, familia bat ginen, baina AEBetako bira honen ostean, are gehiago batu gara”

Zer moduz joan dira kontzertuak?
G.B.: Aldaketarik handiena profesionalizazioa izan da, nire ustez. Ordutegiagaz oso zorrotzak dira, adibidez.
A.M.: 45 minutuko emanaldiak egin ditugu, eta talde moduan asko hazteko balio izan digute mota honetako kontzertuek.
Ibai Arrizabalaga: Baterian jesartzeagaz batera hasi ginen jotzen, abestiak bata bestearen atzetik.
A.M.: Talde moduan, jauzi bat emateko balio izan digu. Areto txikietan jo dugun arren, oso kontzertu profesionalak izan dira. Bestalde, bira luze bat izango balitz bezala bizi izan dugu, izan ere, gure arteko konbibentzia erabatekoa izan da. Lehen, familia bat ginen, baina, orain, are gehiago batu gara.
I.U.: Orain arte, kontzertuak asteburuetan jotzera egon gara ohituta, tartean atsedena hartuz. Han, ostera, bata bestearen ostean jo ditugu. Egunero dena muntatu, oholtza gainean guztia eman, gero batu, eta, azkenean, parranda. Nekatuta egon gara, baina hustu egin gara taula gainean.

Izan duzue arazorik kontzertuak eskaintzerakoan?
A.M.: Arazo bakarra kartelagaz eduki genuen, izan ere, 'The Wilson, from Spain' jarri ziguten, baina eurekin berba egin ostean, ondo jarri zituzten, bai izena, bai jatorria. Kontzertuetako bat apur bat laburragoa izan zela ere aipatu behar.
I.A.: Bertako materiala erabiltzen uzten dizute lokaletan, eta hori ere eskertzekoa da. Itxura ugerreko lokala izan arren, esaterako, sekulako materiala zuten, eta langileak ere oso profesionalak dira.
I.U.: Alphaville aretoan, adibidez, Andoniren eta bion anplifikadoreek itxura oso eskasa zuten, baina sekulako soinua zuten eta oso pozik geratu ginen. Eta 10 watt-eko anpliak baino ez ziren! Andonik 60ko hamarkadako anpli bategaz jo zuen, eta itzelean entzuten zen.
A.M.: Lokaletan eskertu egiten dute hango materiala erabiltzea, horrek asko errazten dielako lana. Guk Ibairen platerak eta instrumentuak baino ez ditugu eraman, eta horrek guri ere asko errazten dizkigu bidaiak.
G.B.: Ezer barik joan, eta bira bat egiteko aukera izan dugu. Horregatik egiten dituzte artistek hain bira luzeak AEBetan. Birak egiteko kultura handia dago han.
A.M.: Lagunek ekarri zizkiguten biniloak, eta merchandisinga New Yorken bertan egin genuen. Instrumentuak han alokatu genituen. Batzuk, erosi.

The Wilson from Spain' jarri zuten kontzertuetako batean, baina lortu genuen ondo jartzea”

Berezia izango zen bira taldearen sorlekuan egitea.
G.B.: Bai. Amets bat betetzea bezalakoa izan da bira hau. Taldearen sorreratik eduki dugu ideia buruan, eta joan zen ekainean erabaki genuen aurrera egitea. Behin txartelak hartuta, kontzertuak lotzen hasi ginen, bira osatu arte. Ametsa, bai, baina lan handia eskatu duena.
G.B.: Utopia bat zirudien guretzat, baina egin dugu azkenean. Data hurbildu ahala, hainbat lagunek esan ziguten eurak ere bazetozela, eta horrek are bereziago egin du bira. Oso babestuta sentitu gara ingurukoei esker.

Diskoa kaleratu duzue 2018an, biniloan.
G. B.: Hiru taldekide binilozale amorratuak dira. Horregatik erabaki genuen formatu horretan ateratzea.
A. M.: Formatua primerakoa zen. Gainera, alde batean Lorentzo Recordsen grabaturiko abestiak daude, eta beste aldean hasieran grabatu genituenak.

Aurrera begira, zer proiektu duzue esku artean?
I.U.: Ez gara ohiko talde bat, sei hilean behin edo biltzen gara; aldi bakoitza zukutzen saiatzen gara.
I.A.: Ez dugu jakiten noiz elkartuko garen denok berriro, eta, beraz, elkartzen garenetan gogo guztia jartzen dugu. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!